"Inazio Sarasuaren lanbidea: inbentatzea, asmakizunak". Horixe zen artikuluaren lehen izenburua. Bigarrenak hauxe zioen: "Uxoa, urtebete baino lehenago airean ibil litekeen plater hegalaria". Artikulua Eibarko Armagintza Eskolako aldizkarian (98. zenbakia) argitaratu zuten 1978ko udan. Inazio Sarasua Aldaz oriotarra zen artikuluko protagonista. Inaziok 47 urte zituen orduan. Idatzian garbi ageri da idazleak estimu handian zuela Orioko Sarasua (1929-2014).
Eta testuaren sarrera moduan, hauxe zetorren: "Bost metroko diametroa du, helikoptero bat baino errazago mugitzen da, merkeagoa da eta ez du automobil batek baino erregai gehiago behar. Uxoak 250 kilometroko abiadura har dezake eta leun-leun lur hartu; laguntza handia eman dezake mendiko erreskateetan".
Dron hitza askoz geroagokoa da. Inazio Sarasuaren asmakizunetik hainbat urtetara zabaldu da munduan. Baina bada dioenik Sarasua aurreratu egin zela, berak asmatu zuela drona 1976an. Honakoak ere bazetozen aldizkari hartan Sarasuari buruz: "Inazio Orion jaio zen. Aita Estanis arrantzontzi baten armadorea zen; berrikuntzak egitearen aldekoa, teknika berriak probatu eta hobekuntzak egitekoa, beti baporearen izenari eutsiz: San Antonio. Aitak nahi zuen semea arkitektoa izatea; baina Inazio, 7 urteko haurra zenetik, baporeko makinak nola muntatzen zituzten begira egoten zen gustura. Gaztetan Tiburtzio Arostegiren moilako tailerrean hasi zen lanean, zoriontsua zen itsasora bidaltzen zutenean motor bat probatzera; orduan hasi zen lantzen nola hobetu makinen errendimendua mekanismoak soilduz. Soldaduskan abiaziora joan zen boluntario, Logroñoko aerodromora, ikasteko gogoz; baina gaizki atera zitzaion, motorrak muntatu eta desmuntatzen jarri beharrean, instrukzio militarra egiten jarri baitzuten".
Sarasua bere lanean ezagutu zuten oriotarren artean, batzuek miretsi egiten zuten. Horietakoa da Juan Luis Amilibia ontzigilea: "Sarasuaz idazten hasita, liburu oso bat idatz liteke. Diotenez, txikitatik zen oso bizkorra, eskolako balkoitik botatzen zituzten paperezko abioiak ere, urrutiena harenak iristen ziren. Garaia baino lehenago jaio zen, azkarregi ibili zen, eta bere ingurukoek ezin izan zioten segitu eta lagundu. Berritzailea izan zen, eta horrelako jendearekin, herrian inbidia asko sortzen dira. Nik pena dut harekin denbora gutxiegi pasatu izana".
Inazio lehengusuarekin hizketan
Asmatzailearen lehengusu propio batekin egon gara hizketan, Inazio Sarasua Sarasolarekin. Biak arraunlari eta patroi handia izandako Inazio Sarasua Arrutiren ilobak, eta, gainera, haren besoetakoak. Garai hartan ia derrigorrezkoa zen mutil jaioberriari aitajaunaren izena ematea. Oraingo Inazio bere lehengusuaren ikasle, jarraitzaile eta mireslea da. Harekin hitz egin dugu, eta Jesus Mari Perona itsasontzi maketagilearekin, biekin, Inazioren asmakizunez.
"Ni 14 urterekin hasi nintzen lehengusuarekin lanean. Ondo ezagutu nuen. Marrazkilari ikaragarri ona zen, bai artistikoa eta baita lineala ere; erraztasun harrigarria zuen. Horixe esaten zuen Juan Jose Loidik, Orion izan den marrazkilari onenetakoak; Sarasua hobea zela bera baino. Eliza borobilaren proiektua marraztu zuen. Horixe aldarrikatzen zuen, elizak borobila behar zuela izan; apaiza herritarren erdian, eta ez haiei bizkar emanda. Gaur egun, Errenteriako eta Lasarte-Oriako elizak borobilak dira, baina hark ideia hori bultzatu zuenean, artean ez zegoen horrelakorik".
Lehengusuak jarraitu du hizketan: "Patxi Danbolin zenarekin aritu zen lanean, biak batera Ur Lan tailerrean, Mutiozabal ontziolaren ondoan. Gero, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Inazio Arratolan jarri zen, eta oilategia zen barruti batean antolatu zuen tailerra. Hura lanean ari zela, nik 13 urte, eramaten nion ogitartekoa eskolako errekreoan, orduan sartu zitzaidan niri ere makinetarako grina. Orduan hasi zen, gero bizitza osoan amets eta helburu izan zuen motor borobilaren bidean, geroztik burutik kendu ezin zuen ideia gauzatzen eta, ikasi ahala, pixkanaka garatzen eta hobetzen".
'Maria Auxiliadora'
Asmakizun baten atzetik bestea datorkio burura: "Orduan etorri zen Maria Auxiliadora arrantzontzia. Inazioren aita Estanis Orioko San Antonio baporean bazkideetako bat zen, eta halako batean erabaki zuen beren barkua behar zutela. Garai hartan (1961), ez zen erraza hemen ontziola bat lortzea horretarako, denak lanez gainezka zeuden eta; horregatik erabaki zuen Inaziok baporea berak egitea. Ontziaren kaskoaz gain, motorra ere berak egin nahi zuen. Hasi ere, hasi ginen. Halako batean, bi ikuskari etorri zitzaizkion bisitan. Galarazi egin zioten lana, norbaitek salatuta. Alor horretako enpresek indar handia dute, ez zaie komeni haien saretik kanpoko inork motorra egitea, are gutxiago hobea bada. Bermeoko tailer bateko motorra sartu behar izan zion. Dena ondo kalkulatuta zeukan. Uretaratu aurretik, hondarrez betetako zakuak ontziratu genituen. Marea bizietako itsasbeheran, zubipeko estazio aldeko bigarren matxoitik pasatu genuen baporea. Txopa aurrena; gero, zakuak brankan jarrita, berehala jaitsi zen; eta arazorik gabe gainditu zuen zubia".
Bide horretan, beste hainbat asmakizun ere izan zituen, eta haietaz hizketan jarraitu du lehengusuak. "Tornu berezia asmatu zuen, piezak kurba eta guzti torneatzen zituena; sei pieza desberdin egiten zituen, makinan ezer aldatu beharrik gabe. Leuntzeko lisatzailea ere bai. 1992an, trainerua egin zuen, gero Mallorcan transatlantikoa arraunean mugitu zuen hura, duela urte batzuk Orioko hondartzako errotondan egon zena. Baina Kortak ez zuen onartu; ez zuen behar bezala probatu ere egin. Esku pilotak egiteko makina ere moldatu zuen. Uste dut Eibar aldeko enpresa batek hartu ziola makina hura. Luis Segurola enpresari oriotarraren fabrikan, zakuak automatikoki itxi eta lotzeko makina egin zuen. Aizpurua hondarzalearen dragaontziari helize birakaria jarri zion; ez lema, helizea, 360 graduko buelta egiten zuena, buelta osoa. Era horretan, barkuak bere ardatzaren inguruan egiten zuen bira, Orioko barran bertan, itsasora atera beharrik izan gabe, eta erraz egiten zion aurre korronteari, hondarra ateratzen segitzeko ontzia geldi-geldi zegoela".
Gogoan du Sarasua atunontzia ere egin zuela, bere hitzetan, "sekulako berrikuntza" ekarri zuena: "Makina zurrupatzaile batek ontziratzen zituen arrainak barkuaren txopa aldetik, hura goitik behera ate baten moduan irekita. Ontziak bazituen akats batzuk neurrietan. Horixe falta izan zitzaion Sarasuari: ondoan bere mailako teknikariak izatea, bere ideiak zehaztasun guztiz gauzatzeko beharrezkoak zituen ingeniariak. Alemanian jaio izan balitz! Baina euskaldunon artean ezinikusi handiak izan dira beti. Elduaien Hondarribiko armadorea eta atunontzietako patroia Huelvako ontziolara joan zen barkuaren ikuskapena egitera, eta hura konpondu eta bideratu ezinik ez zegoela erabaki zuen. Alferrik. Horretarako dirua behar zen, eta ez zen inondik atera".
Zarauzko hondartzan
Sarasua-ren atzetik, Gure kezka etorri zen, Zarauzko hondartzako txalet batean eraiki zuen barkua. "1969an hasi zuen, sistema berarekin. Arrantzarako hamabost gizon behar ziren baporean, zazpirekin moldatzea zuen erronka arrantzontzi mota hark. Zerrautzas izan zen proiektu haren mezenas, Arrillaga. Ni ere aritu nintzen barku haren lanetan. Bi ikuskari etorri zitzaizkigun. Esan ziguten gelditzeko, baimenik gabe ari ginela eta ezin zela hura egin, eta barkuaren piezen lagin batzuk Madrilera eraman behar zituztela aztertzera. Arrillagak lortu zuen nolabait lanean segitzeko modua. Baina ikuskariek ezetz, barkuak ezin zuela han segitu, itsasoratu eta desegitera eraman behar zela. Presaka eta modu txarrean egin zen, eta barkua itsasoratu ezinik geratu zen hondartzan, handik nola atera ere asmatu ezinik".
Peronak hartu du hitza: "Uretaratzeko agindua eman zutenak ez ziren gauza horretarako, eta Inaziok berak asmatu zuen modua. Esan zuen inguruko bi baporerekin egingo zutela, baina altzairuzko kableak, lehen ur azpira zihoazenak, baliza batzuen gainean eramanda, ur azaletik joango zirela, horrela kablearen gaineko ur masa guztiaren pisua saihestuta. Horrelaxe lortu zuten hura handik ateratzea".
Bere garaiko jendeak, inguru honetakoak, ez zuen jakin Inazioren unibertsoa ulertzen. Beste maila bateko gizona zen hura. Orain urte gutxi, itsasontziak egiten dituen ingeniari batek esan zidan: "Sarasuak laguntza gehiago behar zuen, denborak arrazoia eman zion: bere atunontziari jarri nahi izan zizkion berrikuntzak gaur egun arrantzarako darabiltzaten aurrerapenak dira". Inazio zenaren seme Estanisekin ere izan gara: "Gauzarik zailenak modu errazean konpontzeko eta moldatzeko abilidadea zuen. Horretan zen iaioa. Gaitasun handia zuen abstrakziorako; ezer ez zegoen hartan, bere garunak, sormenak, aurrena imajinatu eta gero gauzatu egiten zuen. Herritar asko inguratu zitzaion zeukaten arazoarentzako konponbidea eskatzera".
Oteizaren eskultura
Tolosako plaza batean Oteizaren eskultura jarri zuten. Estanisek galdetu zion ea zer zen hura, eta "puerta al universo" (Atauts) erantzun zion Inaziok. Pintadaz josita zegoen; eta semea horretaz kexatuta, Inaziok: "Horrek ez du garrantzirik, artelanak berdin adierazten du adierazten duena, hura irakurtzen jakin behar da, interpretatzen". Behin, Miramar jauregiaren kanpoaldean, Txillidaren eskulturen erakusketa jarri zuten. Inazio, Estanis eta bere semea joan ziren hura ikustera. Estanisek eskatu zion aitari haurrari erakusteko eskulturek zuten esanahia, eta hark erantzun: "Hori ezin da erakutsi, begirada propioaren bidez interpretatu behar da".
Antonio Baylin Orioko praktikanteak esaten zuen Sarasua zela herriko pertsonarik argiena. Antoniorentzat belarriak garbitzeko aparailua asmatu zuen Inaziok. Luis Cisneros Orioko kofradiako maisuak ere estimu handian zeukan Sarasua: "Inaziok buruko neuronak gurpiltxo bihurtzen zituen berehala, sekulako irudimena zeukan". Cisnerosek metafora horrekin adierazi zuen Sarasuak zeukan joera grinatsua gauzak sortzeko eta ideiak gorpuzteko. "Damutu ere egin zen bere sorkuntza batekin; atunontzi bat, lan gutxi eginda sekulako atun pila erraz harrapatzeko modua eskaintzen zuena. Denborarekin, kontzientzia ekologikoa hartu zuen, eta konturatu zen era horretako ontziekin arriskua zegoela itsasoa husteko". Luisek, Inazioren oroimenez, hark egindako hiru tresna ditu tailerrean gordeak.