Oriotarroi ijito deitzen digute auzo-herrietan. Ijitoak omen gara. Batzuek galdetu ere egiten digute: "Zergatik zarete zuek ijitoak?", eta oriotar askok ez daki nola erantzun, zer dagoen goitizen horren atzean. Batzuentzat estropada giroko ezizena da, askotan irabazi duen herriari zaion herra. Herriko zahar askok oso bestelako esanahia ematen diote ijito izengoitiari: "Garai batean, ijitoak beren zalgurdietan herriz herri ibiltzen ziren garaian, beste herri askotan ez bezala, Orion uzten zitzaien bertan kanpatzen, Txanka eta Saikola inguruan".
Aitor Gonzalez Garoren Murallas de Guipuzcoa liburuan (2021) esaten da Oriok ez duela inoiz harresirik izan, Kale Nagusiko etxeen atzealdeko paretek betetzen zutela herria babesteko funtzioa, eta harresirik ez eraikitzea erabaki zutela. Oso herri gutxi omen ziren hesirik gabeak: Zarautz, Bergara eta Orio aipatzen ditu.
Anjel Lertxundik aurtengo otsailaren 6ko Berria-n Kant filosofoaren gogoeta bat ekarri zigun: "Bizi garen tokia ez da gurea, guztiona baizik, eta ostatu bila dabilenari ezin diogu atea itxi, hospitalitateak egiten gaitu gizaki". Orioko herritarrek hainbat aldiz erakutsi dute bat datozela Kant filosofoak esandakoarekin. Aurrean gurutzea dutela, hainbat kristauk Donostiako Ondarretatik abiatu eta Itziarreraino oinez urtero egiten den gau-ibilaldian, geldialdi atsegina egin ohi dute Orioko San Martin ermitan. Han, irribarrez, kanpai-txintxinekin eta limoi-urarekin ematen diete ongietorria ibiltariei Orioko zenbait herritarrek, erromesen gorputza eta arima, biak, elikatzeko, biei atseden emateko.
Ukrainarrak eta sahararrak
Limoi-ura ematea baino ongietorri eskuzabalagoak egiten badakiela ere erakutsi du gure herriak: XX. mendearen bukaerako urteetan Ukrainako eta Saharako jendea hartu zuen herriko familia askok esku zabalik. Txernobylgo zentral nuklearraren leherketaren erradioaktibitatea zela-eta, nazioarteko kanpaina zabaldu zen Europan hango haurrak hartzeko. Oriok ondo erantzun zuen. Errusiak Ukraina inbaditu duenean, euskal komunikabideetan Orion bizi diren bi neska ukrainar agertu dira. Marokoren inbasioa nozitu zuten sahararren kasuan ere beste horrenbeste gertatu zen, uda garaian hango haur asko ezagutu ditugu herrian, herriko etxeetan aterpetuta zeudenak. Trainerua da gure herriaren ikono nagusietako bat. Nesketan ukrainar bat dabil: Luga Davidenko; eta mutiletan, senegaldar bat: Mamadou Sarr. Herriko kanturik ezagunenetako baten hitzak, alironekoak, kanpotik etorrita alkate izandako batek asmatu zituen, Joaquin Cortesek.
1922an, mutil aleman gazte bat etorri zen Oriora, Pablo Platte. Ingeniaria zen eta ehun-fabrika bat eratu zuen. Herrian Pablo alemana deitzen zioten. Berehala integratu zen Orioko gizartean: bere autoan ibiltzen zen herrian, piraguan errioan, pianoa jotzen zuen Toki Alai eta Salsamendi hoteletan… Lagun asko izan zituen herrian, haien artean Enrike Enbil; eta gazteak hondartzako futbolean parte hartzera animatu zituen, Talai Mendi Txiki izeneko taldearen bultzatzailea izan zen, hantxe jokatu zuen bere seme zaharrenak.
Historian zehar Oriora kanpotar asko etorri izan diren bezala, hemengoak kanpora joan ere, herria sortu zenetik, joan dira. Arrantzak eta arraunak eraman ditu oriotar asko bidaiatzera. Diotenez, herriko arrantzaleak XV. mendean joaten ziren Ameriketara baleak harrapatzera, Ternuaraino. Albaolak dioenez, Orio izan zen hara arrantzontzi gehien bidalitako euskal portua. Bost mende geroago, orain berrogei bat urte, Venezuela eta Senegaleraino ere iritsi ziren arrantzale oriotarrak, atunaren atzetik. Arraunlari asko ere eraman ditu kanpora arraun lehiak; txikitatik Banyoles eta Sevillara joaten ohituta, oso urrutira ere iritsi dira batzuk: Jugoslavia, Errusia, Tasmania, Korea…
Oriotik ateratako bidaiaria, bat izan baldin bada, hura Aita Lertxundi (1836-1896) izan zen: Arantzazu, Compostela, Chipiona eta Afrikako iparraldeko lurretan ibili zen fraide frantziskotarra. Tokian tokiko kulturaren sustatzaile handia izan zen. Orioko kale luzeena da Aita Lertxundi kalea: Anibarko Portutik Aitzondoraino doana, herritik kanpora joateko balio digun errepidea. Bidaiariaren metafora polita.
Frantsesak eta italiarrak
Orioko Udala bitan senidetu da modu ofizialean atzerriko herriekin, Frantziako Saint Ciers sur Gironderekin, 1994an; eta Italiako Orio-Canaveserekin, 1995ean. Aurten bertan, ekainaren 19an, herri katalan batekin adiskidetu da, nolabait. Egun hartan, 200dik gora katalan izan genituen gure artean, Villafranca del Penedeseko casteller-ak. Igande eguerdi hartan 8 pisuko giza dorrea egin zuten plazan. 2018ko uztailaren 14an, 9koa, Orio plaza de nou bihurtuz, alegia bederatziko plaza. Mundu osoan, sei bakarrik daude horrelakoak herrialde katalanetatik kanpo: Hangzhou eta Xangai (Txina), Thane (India), Milan (Italia), Andorra la Vella (Andorra) eta Orio (Euskal Herria).
2009tik 2014ra, sei urtez, kultura aniztasunaren jaia ospatu genuen Orion, Unescok kulturari aitortzen dion balioan oinarrituta: "Kulturak, bere aniztasunean, balio handia du herrien garapenerako, eta gizarte kohesioa eta bakea lantzeko. Kulturaren aniztasuna indar eragilea da, gizartea garatzeko eta gizabanakoon bizitza alderdi guztietan aberasteko: adimenean, harremanetan, etikan eta espirituan". Jai haietan hemendik urruti jaiotako Orioko herritar askok parte hartu zuen, beren jatorrizko kultur gaiak erakutsiz: jaki eta edariak, musika eta dantza, hizkuntza…
Baina ez da beti horrela izan; dena ez da polita eta samurra izan kanpotik etorri zaizkigunentzat. 1950eko eta 60ko hamarkadetan kanpotar asko etorri zen herrira Espainiako lurraldeetatik. Kulturaren eta hizkuntzaren arteko talkak gertatu izan dira askotan; haientzako izendapen xelebreak erabili izan dira maiz: belarrimotza, mantxurrianoa, maketoa…; mutilek vascos contra castellanos jokatzen zuten futbolean… Orio ez zen berezia izan horretan. Giro hori arnasten zen inguruan ere, Atotxa futbol zelaian "Indios fuera!" oihukatzen zitzaien Espainiako futbol taldeetako jokalari hegoamerikarrei…
Santiago bideko erromesak
Ijitoak edo Saharako eta Ukrainako haurrak baino askoz lehenagotik ere, Santiago bideak erromes asko ekarri ditu gure herrira, herria denetik. Azken urteotan, gainera, areagotu egin da ibiltarien etorria; uda garaian, batez ere, gazte jende asko ikusten dugu herriko kaleetan, motxila bizkarrean, Goiko Kaletik behera. Haientzat Oriok badu aterpetxe bat, Aldape baserrian, hango Rosa eta Nadeth Arrutik kudeatzen dutena 2004an zabaldu zutenetik: San Martin aterpea.
Herriko turismo bulegoak emandako datuen arabera, 2019an, pandemiaren aurreko azken urtean, 11.147 lagun pasatu ziren bulegotik, haien artean Santiago bideko 3.386 erromes.
Garai batean ere, ez Aldapeko aterperik ez turismo bulegorik ez zenean, Orioko herriak gogoan zituen Santiago bideko erromesak. Kale Nagusian, Goiko Kalean, Pietateko ospitalea zegoen, gaur egun ahaztuta daukaguna. Egungo oriotarrek ez dugu haren berri handirik. Zer dakigu Pietateko ospitaleaz?
Hauxe dio Anjel Lertxundik bere azken liburuan, Desertuan behatxuloa (2022): "Orion ospitale bat izan zen, Piedadea. Gaixoak, leprosoak, erromesak zaintzeko pentsatua, hogei bat ohe izatera iritsi zen XVII. mendean. Ospitalearen existentziaren lehen datu ezagunak XV. mende bukaerakoak dira. Pesteagatik itxi omen zuten. Edo lepragatik. Edo XIX. mendean Gipuzkoan izan zen koleragatik. Auskalo!".
Oraingo udalak biziberritze plana eratu du, hiru hankaren gainean: herritarren ongizatea; herri izaera eta euskara; eta turismoa eta jasangarritasuna. Turismoak azken urteotan indar handi samarra hartu du: hotelak, landetxeak...; baina badu alderdi txar bat, masifikazioa. Horrekin asko galtzen da, bai bertan bizi direnek bai kanpotik datozenek ere. Beste gauza askotan bezala, neurri egokia asmatzea da inportantea, oreka.
Hori esanda, gogora dezagun Ander Errastik 2010eko abenduko KARKARAn esandakoa: "Irribarrea da doan daukagun gauza gutxietako bat eta, agian, gutxien erabiltzen duguna. Kalean, gero eta gutxiago begiratzen diogu elkarri, aurpegi serio eta tristeak ikusten ditut. Zergatik ez egin irribarre bizitzari?". Kanpotarrek ere gustura hartuko dute gure irribarrea. Zein gutxi kostatzen den eta zenbat balio duen!