Hari fin batetik

Erabiltzailearen aurpegia Goiuri Unanue Arruabarrena 2026ko urtarrilaren 24a

Goiuri Unanue diseinatzailea. (utzitakoa)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Goiuri Unanue diseinatzaileak abenduko Aia-Orio Guka aldizkarian, Moda iritzi atalean.

Badira lanbide batzuk ia-ia erritual bihurtzen direnak. Eroso eseri, haria esku artean hartu, oihala luzatu eta lehen puntadak pausaz emanez... denbora beste era batera neurtzen da gure atelierrean. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzekin, isilpean zein gure ezpain arteko melodien erritmora jositako jantziek markatzen dute erlojuko orratzen mugimendua. Gure sorkuntzak ez dira jantzi soilak, xehetasun bakoitzean historia apur bat jasotzen duten piezak baizik.

Joskintzaren bidez, ehuntzen diharduen hari berezi bat bizirik mantentzen dugula esatera ausartuko naiz: gure herriko lan egiteko moduarena, amonek pasa diguten jakinduriarena zein etorkizunari begira eraiki nahi dugun munduarena.

Gurea, lanbide artisaua da, askorentzat iraganeko ofizio izan daitekeena. Baina nik sinesten dut eraiki nahi dugun etorkizuna ehuntzeko ezinbesteko ofizio horietako bat dela. Dena azkar egiten dugun honetan, pausatzeko aukera. Guk, esaterako, jantzi bakoitza patxadaz sortzen dugu. Pertsona bakoitzaren izatean, haren gorpuzkeran, izaeran eta edertasun naturalean zentratuta, bakoitzari bere lekua emanez, entzunez eta beti prozesu osoan zehar babesa eskainiz.

Goi mailako joskintza egiten dugunok (edo antzerako zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen dugun profesionalok) ez dugu produktu edo zerbitzu soil hori bakarrik eskaintzen: identitateak irudikatzen ditugu, eta, ondorioz, memoria kolektiboari gure ekarpena egiten diogu.

Eta identitate horiek irudikatzerakoan, hizkuntzak ere badu bere lekua. Espainiako Estatuan zein nazioartean gure lana zabaltzen ari garen honetan, sustraiei eustea hautu kontziente eta zenbaitentzat ausarta da. Euskal Herrian errotua dagoen proiektu bat izateak indarra, koherentzia eta nortasuna ematen dizkio. Euskararen presentzia gure eguneroko lanaren eta komunikazioaren parte izatea ez da muga bat, gure berezitasunaren adierazle baizik. Gure ikuspegia eta balioak mundura zabaltzeko orduan, hizkuntzak ukitu intimoa eta autentikoa ematen dio, gure jarduna gertuko bihurtzen duena. Sortzeko erabiltzen ditugun teknikez gain, adierazteko moduak ere bere arima islatzen baitu.

Eta hori, guretzat, ohore bat da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide