Artean 18 urte ez nituen liburu baten sarreran honako hau irakurri nuenean: "Orain, edozer kontatzerakoan beti hogei urte atzera egiten dudan honetan". Harridura sortu zidan, heldugabea oraindik. Ordutik esaldia buruan iltzatuta izan dut orain erreskatatu dudan arte.
2007ko uztailaren hasiera. Lan kontuak zirela eta Kanadan nintzen, Ternuako hiriburuko ostatu batean, kongresu batetara joan ondoren. Orduko Karkara-koek mezu bat bidali zidaten eta proposamena egin irailean hasiko zen ikasturterako. Moila bazterretik izeneko tarte batean nire iritzia ematea beste hiru oriotarrekin txandakatuz. Lerrokatze literario bat iruditu zitzaidan St. Johnsko moila bazterrean mezua jasotzea, Orioko moila bazterreko umea izatea eta Karkara-ko tartearen izenburua. Ez nuen gehiegi pentsatu, eta erronkari baiezkoa eman nion.
Irailaren bukaerarekin argitaratu zen nire lehen iritzia, denetan ere gustukoen idatzi nuena, osagai mamitsuak sartu bainituen kokteleran: arrauna, oriyotarrak, tautalak eta bihotz berdea. Ordutik eutsi nahi izan diot euskaraz idazteko plazerari, tokikotik, oriotarrentzat. Ahal den heinean gauza arruntez eta umorez zipriztinduta, nahiz eta batzuetan distira apur bat falta izan zaidan. Baina bada herri honetan gatza eta piperra gehiago duenik, eta txikota askatzea tokatzen zait.
Gero arte esateko ordua iritsi da. Liburu hartako esaldira ia-ia iritsi naizenean erabakia hartu dut. Kontuak ondo egin badituzue, konturatuko zineten hemeretzi ikasturtez jardun dudala moila bazter honetatik berriketan. Zertarako 20 urtera iritsi, zenbaki lehen batekin agurtzea hobea denean. To eta no, txistea matematika zaleentzat.
Ezin eskerrak eman gabe errematatu nire saioa. Karkara-koei, lehen aukera hura emateagatik, Gukakoei kolaboratzaile hau erreziklatzeagatik. Biei, azken minutuko bidalketen aurrean azaldutako pazientziagatik. Ahizpari, hemen irakurri dituzuen testu guzti-guztiak orrazteagatik: hi etxeako.
Eta batez ere, nire harrikaden aurrean zerbait esan didazuen guztiei. Ordu txikitako nire estutasunak zuen irribarreek konpentsatu dituzte. Bixi bizi.