Txikiak pilan

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Manterola 2025ko mar. 16a, 10:00

Gizon bat ur-jauziari argazkia ateratzen. (pixabay)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Garbiñe Manterolak otsaileko Aia-Orio Guka aldizkariko Moila bazterretik atalean.

Lagunak bota eta nik jaso: norbait joango al litzateke Michelin izardun jatetxe batetara ezin balu gero kontatu? Ezin balu argazkirik atera parean jarritako platera artistikoei momentuan sare sozialetan zabaltzeko? Joango al ginateke oporretan lekutako amonarenera bueltan ezin bagenu hango berri modu harroxkoan azaldu?

Dirua eta eztula ezin omen dira ezkutatu. Azken boladan ezkutuan ibili baino, agerian zer jarriko dugun aukeratzen pasatzen dugu eguna.

Zenbaki borobilekoa dugu estrainatu dugun urtea. Ez diot nire buruari urte berrirako ezin kunpli nezakeen promesik egin. Amets handirik gabe hasi dut, baina erronkatxo batekin. Sareetan baino, egunerokoan bizi nahi dut aurtengoan. Gauza txiki gustagarriak pilatu nahi ditut, erreskadan.

Hanka hutsik ibiltzea. Hondarretan, ur izkinan, belar gainean. Zenbaitetan, sibarita jarrita, bizikleta gainean oinutsik pedalei eragitea. Gustuko dudan kantua behin eta berriz entzutea, letra buruz ikasi arte. Behin ondo ikasita, hasi eta buka kantatzea. Vesna Vulovic, aurtengo lehenengoa.

Begiratzea. Begirada bat bueltan jasotzea. Printza bat, galderak piztea.

Bizikletan ibiltzea, edozein modalitatetan. Paseoan, lasai ederrean. Nonbaitera iristeko beharraz eta presaka. Mendian, pistan, bi gurpilekoan biluzik edo alportxaz jantzia. Behatzak tapatuta, behatzak airean. Iratzargailu gabeko eguna. Egunak, pluralean, ahal bada. Gosaritarako ezer ez eta izozkailua irekitzea. Errege Egunean gorde nuen panderrei txikia deskubritzea. Barrura. Kalean, ibilian, burutazioren bat izan eta aurpegian irribarre bat sumatzea, bakarrik naizela. Noizean behin fandango eta arin-arin bat. Trikitilarientzat mezua, bi buelta eta erdi tamaina ederra da. Soziedade kanpoko mahaia libre topatzea eguzki gozoko egunean. Patata tortila, Ibarrako piperrak, letxuga entsaladan. Eta, nola ez, tertulia luzea irristan. Lagunartean parranda gogoa lerrokatzea. Aitzakiarik gabe ibiltzea, aitzakiaren bat tarteko. Barre egitea.

Kukuarriko buelta batean gorputza izerditzea. Kaleko iturri batetik ura edanez egarria kitatzea. Enkarguak egitera ateratzea, nor edo nor non topatuko. Hitz aspertuan denbora galtzea edo denbora irabaztea. Sukaldeko balkoian, moila bazterra kontenplatzea. Hankapetan norbait somatzea. Bi urteko ahotsaz zera entzutea, trena? Trena! Treeenaaa! Bainu bat. Toaila gaineko siesta. Lerdea dariola esnatzea. Bigarren bainu bat. Ur gazitan, itsasoan, noski.

Eta hala, ad infinitum.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide