Kuadrilako batek esandakotik hasiko naiz gaurkoan. Hari oriotarra ez den lagun batek aipatua omen da. Betiko festa badugula herrian, alegia. Hari horri tiraka zerrenda bat abiatzea okurritu zait.
Beti bada zerbait… herrian. (Lehenengoa hau beharko, noski). Esaldi hura entzun eta asteburutako agendari erne erreparatu diot azken asteotan. Eta onar dezadan, ez zaigu planik falta. Gainera, ez da ekintza bakarra izaten askotan. Natur taldeko irteera, Bele eta Intzaren kontzertua, Danbolinfest, garagardo azoka, estropada, literatur eta marrazki lehiaketako sari banaketa, eta abar luzea. Aurtengo udaberri zaputzak ez du Orio kokildu eta kalera atera gabeko bakerik ez dugu izaten. Eta jarrai dezala horrela. Espero udako agendak ere beste horrenbeste eskaintzea.
Hari horri tiraka
zerrenda bat abiatzea
okurritu zait: "Beti bada zerbait..."
Beti bada zerbait… telebistan? Inoiz ez dago ezer txukuna telebistan. Beti bada zerbait… sakonki amorrarazten zaituena. Ezin esplika daitekeen hori. Arrazoirik gabe, barru-barrutik eta gogo biziz gorroto duguna. Gauza bat baino gehiago izan daitezke, norbaiten edo norbaitzuen jarreraren bat ere bai. Bat aipatzearren, nik benetan ezin parean ikusi dezakedana zera da, postrerako trentza. Bazkari ederrena izorratzeko moduko aukeraketa. Eta nire familiak ez du oraindik ikasi. Beti bada zerbait (edo norbait)… irribarrea sortuko dizuna. Eta eskerrak. Beti bada zerbait… Norteko iturriko espaloian. Herriko bakarra naiz inoiz kotxe bat hor aparkatu ez duena. Eta kotxerik ez dagoenetan txurreroa izaten da. Ez dakit zerk sortzen didan ezinegon handiagoa.
Beti bada zerbait… ahazten zaizuna. Bururik onena izanda ere. Nire kasuan, oporraldiro izaten da. Aterkia, gogokoen nuen jertsea, zira. Bi kartera ere utzi nituen, diru eta guzti, Guatemalako bazterren batean. Oporretan beti eraman ohi dut koaderno bat, egunerokoa. Bueltan ohitura dut egun horietan ahaztu dudanarekin errematatzeko azken orrialdea.
Beti bada zerbait… ez ahaztekoa. Egunero dugu gauzaren bat ikasteko. Denok esfortzu txiki bat egin eta egingo bagenu, a ze aldea guztiontzat. Beti bada zerbait… loa kenduko dizuna. Ohera sartu eta burura etorriko zaizuna. Begiak itxi bai baina loa biltzea zailduko dizuna. Batzuetan poltsikoaren orroa izango da, baina gehienetan halakok edo bestelakok esandakoak, egindakoak. Haiek isilaraztea eta amets gozoetan sartzea, a ze bakea.
Beti bada zerbait… esateko. Maite dugu gure herrian elkarren berri izatea, elkarren berri jakitea, elkarren berri ematea.
Beti dago zerbait… isiltzeko, baina zenbat kostatzen zaigun hori egitea. Gezurra da Orion kirol nagusia arrauna dela. Ondo entrenatuak ditugu ezpainak eta mingainak herri honetan.
Azkena eta guztietan onena. Beti bada zerbait… gozoa, amaren hozkailuan.