PAPEREKOA

Sineskeriak

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Manterola 2022ko urr. 12a, 12:19

Antilla hondartza hutsik.

Urriko KARKARA aldizkarian, Moila Bazterretik atalerako, iritzi artikulu bizi-bizia idatzi du Garbiñe Manterolak.

Lehengusuak aurpegiratu zidan. Nola zitekeen ni zientzialaria izan, ikerketa munduan jardun eta horrelako sineskeriak aintzat hartzea. Baina sineskeria baino ohitura dela esango nuke. Ohitura osasuntsua, izan ere. 

Aitona Nemesiori ikasi nion. Igerilari aparta zen, itsasoari lotutako gizona. Zarauzko kostan bainatzea debekatu zioten egunean etorri zen haren gainbehera. Baina noan harira. Hark erakutsia da irailean bederatzi egunez bainu bat hartu eta urte osorako katarroak, gripeak eta halakoak uxatzen direla. Egunek jarraian behar dute izan, hilabeteko edozein tartetan. Eta, noski, itsasoan. Ur gazirik gabe ez da magiarik. Urte luzeetan errepikatu dut ohitura. Lehengusuaren erronkari erantzun, eta zientzialari senarekin aztertu dut kontua.

Hipotesia: egunero itsasoan bainu bat hartzeak osasuntsu egiten al nau?

Metodoa: sineskeriaren baldintzak bete eta nire gorputzean duen eragina aztertzea. Gutxienez hamar alditan egina, datu estatistiko esanguratsuak lortzeko.

Emaitza: uda osteko, opor ondorengoko umore hobetze handia. Buru osasuna, osasunaren zati garrantzitsuenetakoa denez, hipotesiaren baieztapena.

Ondorioa: bederatzi bainuen sineskeria baino, uda luzatzeko bide erabilgarria izan daitekeela frogatu dut.

Alegia, aitzakia galanta dela. Lanean hasita ere, ikasturteko betebeharrek jan aurretik udarari agur eta ohore egiteko modu bikaina. Kostan bizi naizenaren ospakizuna. Barrualdekoak barrualdera bidali ditugula eta guri lasaitasun pixka bat etorri zaigula konturatzea. Gatza azalean, hondar aleak hanka azpitan eta segi aurrera. Aurtengoan arraro sentitu naiz. Uda beroa, ura inoizko beroena. Eta klima aldaketaren arriskuak oso presente izan ditut irailean. Aitonak niri moduan, nik ilobei ere kontatu nahi diet sineskeria. Pittin bat moldatuko dut tonua eta ipuin zientifiko moduan azalduko diet. Errezeloa dut, hipotesi berriak proposatu beharko dizkiedala ordurako. Itsaso maila igotzearekin eta urtaroen berotzearekin baldintza berriak izango ditu uda luzatzeko metodoak. Urrian eta frontoiko aldapan izango den arrapala berrian kunplitu beharko da bainuen bederatziurrena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide