Bat. Lantokian antolaturiko jaiotza lehiaketa irabazi zuen gure lantaldeak pasa den gabonetan. Ron-pon-pon. Bai, egia da hori! Otarra bete gutizia eman ziguten eta bazkaria antolatu genuen oporretako tripa-festaren ondoren. Han ginela, taldeko zuzendariak, aurten 40 urte egitekoa den mutilak, azukrearen aurkako kanpaina hasi zuen.
Lankide jubilatuak ere baziren bazkari hartan eta mokadu bakoitzak zuen gozo mailaz galdezka eta barrezka jardun zuten. Dena jan zuten lasai ederrean.
Bi. Orain bi aste, lanekoekin hamaiketakoan nintzela gure ajeez jardun genuen. Majina fisioterapeuta, osteopata eta kiropraktikoren izenak bota genituen minutu
gutxian. 50 urtetik gora dituzten bi ziren mahaiaren bueltan eta elkarri begiratu eta galdera egin zion batak besteari. Hi joan al haiz horrelakoren batera inoiz? Ezetz,
ez batak ez besteak.
Aldiz, beste guztiokin pagotxa ederra dute gremio hartakoek. Negozioa urte mordoxkarako salbu dute, gainera, berrogei urtetik beherakoak baikara denak, eta bada
gazte txartela kadukatuta ez duenik ere tartean.
Hiru. Gogoan dut familiako bazkari bat, azido urikoa ilargiraino eta buelta disparatzen duten horietakoa. Soziedadeko mahaia xomorro gorriz josia, bazen han
nahikoa jana eta edana. Gazteenen artean konfesionario txikia hasi genuen. Lehengusuak dieta makrobiotikoa hasia zuen azaleko gaitz batengatik. Bestea etxetik ogi eta guzti etorria zen. Diagnostikoa, moda-modakoa: glutenari intolerantzia.
Hirugarrenak ere onddoak zirela-eta nahikoa kontu bazuen ahoratzen zuenarekin. Alkohola neurriz edaten zuela aspaldian azkenak.
Halako batean lehengusuetako batek mahaiaren beste bazterrera begiratu zuen. Zer edo zer gaizki egiten ari gaituk, haiek dena libre eta gu mahaspatsa lehorrak baino okerrago.
Han ziren gure zaharrak, guraso, izeba-osaba eta abarrak. Haien aurpegiek, botila hutsek eta marisko azalez lepo zeuden platerek neurrigabeko poza erakusten zuten. Eta gu bitartean eskuko frenoa jarrita.
3 jaso baditut ere, gehiago ditut akorduan. Ez dut apokaliptikoa izan nahi, baina hara hor probak. Galbidean goaz.
Nik badaezpada ere frenoa pittin bat askatuko dut. Aldian behinekoak ez digu-eta osasuna kenduko, eman egingo digu. Topa!