Iraila berriz ere. Uda azkar pasa zait, baita urtea ere. Urtea ikasturtearekin hasten duen horietakoa niaz, bai, aspaldian eskolarekin inolako harremanik eduki ez arren. Zer moduz joan da? Nirea ondo, kontzertu pila batera joateko aukera izan dut. Tartean, noizbait ikustea amesten nuen abeslari batenera, inguru hauetara etortzeko ohitura handiegirik ez duena eta egunen batean ikusteko esperantza neukana, horretarako ordu luzez hegazkinez bidaiatu behar banuen ere. Baina ez, orain dela hilabete batzuk jakin nuen Madrilgo Botanikoko Gauetan kontzertua ematekoa zela eta, bitan pentsatu gabe, sarrera erosi nuen.
Eta antzeko zerbait egin nuen beste hainbat ekitaldirekin. Ondorioa: udan asteburu pila bat Madrilen pasa beharra. Ezin hain beharrezkoak ditudan kitkat horiek egin etxera bidaiatuta.
Euskal lurretatik urrun ibili arren, hobbyak ez ditut aldatu, eta aurten ere arraun agertutik jarraitu dut. Ez diot sekula EITBri behar beste eskertuko goi mailako estropadak jarraitzeko ematen duen aukera. Berdin zion non egon, aplikazioan sartu eta estropada guztiak ikusi ditut, zeharka begira bada ere. Nire ingurukoei dozenaka saio ikusarazi dizkiet, beti euskaraz, eurek ezer ulertu ez arren. Aupa Orio esaten badakite eta, aurten, zorionez, askotan errepikatu da hori ospakizun giroan, aliron alternatiboetan (jatorrizkoak ezin bizita).
Herrira bueltatzen naizenean jendeak asko galdetzen dit: zer berri dago Madrilen? Eta oraintxe bertan, egiari zor, berri onak gutxi dira. Giro nahasiegia, bai eguraldian, bai politikan. Azkena hemen idatzi nuenean euriak eragindako komeriei buruz aritu nintzen, badirudi beti kexaka nabilela, baina ez da hala. Beroa gorroto dut, hori da guztia. Gehiago esango dut: urtero uda iristen denean neure buruari galdetzen diot ea oraindik nolatan jarraitzen dudan hemen, baina gero negua etortzen da, eta galdera hori joan egiten da nire burutik (datorren udara arte).
Bitartean, hastera doan urterako ohar mentala: epe luzera agenda konplikatzen didaten erabakietarako, momentuko beroaldia kontrolatu.