Lan erreformari buruz idaztera nentorren. Zer daukan txarra eta zer ona, zenbat gauza falta dituen, zergatik ez dituen 2010-2012ko erreformak gainditzen, zergatik ez dugun babestu eta zergatik den erabat zentralista. Baina gero bestela pentsatzen jartzen naiz eta nire buruari esaten diot: "Ze pesada, Eli". Eta sartzen naiz halako bakarrizketa batean, non konturatzen naizenerako ordu laurden daramadan bazterrera begira ezer egin gabe, pentsamenduetan murgilduta.
Klin! Mezu bat posta elektronikoan. Ireki beharko. Jesus, tonu oso zatarra erabili du idatzi duenak. Astean bi edo hirutan mezu xelebre samarrak iristen zaizkit ezezagunengandik, lanarekin zerikusirik ez dutenak. Gizon honek galdetu dit ea zer egin behar duen ekintzaile izateko eta finantzaketa lortzeko. Eta zertarako idazten dit ba niri? Helbidea nondik atera duen ere ez dakit. Foro egokiago batera bidali nuen eta, antza, ez zaio gustatu erantzuna. Bejondeikela.
Bat-batean, oroitzapena desblokeatuta: liburu bat etorri zait burura: Jende toxikoa. Saltoki handi bateko apalean deskubritu nuen, hantxe, zintzilik. Agian komeni zait liburu hori irakurtzea, azken boladan sentsazioa baitaukat inguruan toxizitate handiegia daukadala. Beno, agian ez, gutxi batzuk baino ez dira, baina inguruko guztia zikintzeko gaitasun galanta dute, gauza onak estaliz. Ziur edizio mordoxka dituela.
Beste liburu bat? Liburuak erosteko daukadan ohitura sostengaitza da, ez baititut erosi ahala irakurtzen. Eskerrak bigarren eskuko dendetara ez naizen hain sarritan joaten. A ze leku galera, bestela. Gainera, azken boladan hasi ditudanek ez naute engantxatu. Lagun batek artikulu bat pasa zidan, eta esaten zuen pandemiak askori ondorio modura irakurtzeko ezintasuna utzi diola, liburuekiko banantze moduko bat, eman beharko lizukeen sosegu falta hori. Hori gertatzen zait? Jo, ba baliteke, ezin ezetz esan.
Eta hara, halako batean konturatu naiz berriz ere bertan geratu naizela, bazterrera begira, ideia batetik bestera saltoka zenbat denbora daramadan ez dakidala, zintzilik, apaleko liburua bezala. Bai, erosi egingo dut.