IRITZIA

Hamar urte

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2021ko abe. 5a, 12:11

KARKARA aldizkariko azaroko zenbakian honako iritzia plazaratu zuen Eli Huegun iritzi emaileeak.

Badaramatzagu egun mordoxka bat azken hamar urte hauen bilakaera jasotzen duten artikuluak bazter guztietatik ateratzen zaizkigula. Ba, barkatu, baina hau beste bat gehiago izango da.

Zertan aldatu garen baino, zertan eboluzionatu dugun pentsatzea zuzenagoa iruditu zait. Aldaketak zenaren eta denaren arteko diferentzia markatzen du, eta egia esanda, bat-bateko
hausturarik egon ezean, ezin jakin iraganaren eta orainaren arteko muga hori non jarri.

Bide horretan, lagun batek duela hamar urteko talde argazki bat bidali dit, eta itxuraz behintzat, aldea nabarmena da. Asko pentsatu gabe esan diot ez naizela kontziente izan aldaketa horiez. "Nola ez ginen ba aldatuko? 20 urte genituen, eta orain 30 ditugu", erantzun dit. Eta arrazoi du, eboluzioa konstantea da.

Egunerokotasunean sartuta agian ez zara konturatu, baina batzuetan komeni zaigu pixka bat gelditu eta iragandakoaz pentsatzen jartzea. Duela hamar urte nahiko genukeen gaur gauden lekuan egon?

Sozialki moldatu gara. Mainstream hitza (korronte nagusia, ingelesez) mainstream bihurtzear zen (kar-kar-kar); eta nago, zer zen orduan korronte nagusi eta zer den orain aldatu dela.

Desberdinari barre egitea mainstream zen, eta orain hori kuñadismoa da. Lehen ere bazela iruditzen zait, baina ez genion hala deitzen, eta orain bai.

Alboratutako errealitateak lortu dugu zentrora ekartzea, ahotsa hartzea eta bizipenak aldatzea. Mainstream zena hain mainstream ez izatea.

Bide honetan gustatu zaizkit gertatutako gauza asko. Egin ditugun gauza asko. Adibidez, gustatu zait kirolak izan duen bilakaera; gaztetxoek ageriko emakume erreferente gehiago dituzte eta hedabideek eurei buruz hitz egiten dute. Asko falta da oraindik, baina hasi da hazia loratzen.

Osasun mentalaz ere hitz egiten da publikoki, eta tabua askoz ere gutxiago da tabu. Dibertsitatea gehiago onartzen da, eta arrazakeria kasuak, justifikatu baino seinalatu egiten dira. Pertsona askoren bizia hobetu du horrek guztiak, eta gure gizartea ere bai. Ez da gutxi.

Hamar urte hauetako bidearekin gustura sentitu ote zaren galdetu dut lehen, zinez espero dut baietz erantzungo zeniola. Hala bada, bejondeizula. Zalantzatan bazabiltza, alabaina, pentsatu kontua, ahal den bitartean behintzat, mejora egitea dela. Biharko atzo da gaur.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide