Banoa autoan, irailak ematen dizkigun igande triste horietako batean, irratia 'Everybody hurts' abesten hasten denean. Hara, hau ez al da historiako abestirik tristeena? Mugikorrari galdetu eta beno, tristeena ezetz baina depresiboena baietz. Inkesta bat egin zutela Estatu Batuetako ez dakit zer unibertsitatetan. Gauza bat garbi daukat: nire botoa ez litzatekeela abesti honentzat izango.
Bonbila piztu zait bat-batean. Urteko hirugarren astelehena ez al da urteko egunik tristeena? Astelehen urdina deitzen dioten hori. Banoa berriz ere mugikorrari
galdera egitera. Ba tira, oraingoan oker samar ibili naiz, urtarrileko hirugarren astelehena omen.
Erantzunak ez nau asko konbentzitu, niretzat urtea irailarekin bat hasten baita. Eskolara joateari aspaldi utzi nion, baina dinamika hori ez dut oraindik aldatu. Hortaz, niretzat astelehen urdinaren kontzeptu hori hurrengo egunean zatekeen aplikagarri. Kontxo, ba hori ere ez. Biharkoa ez da urteko hirugarren astelehena, laugarrena baizik. Oraingoan bai, kale egin dut eta ez dago besterik.
Astelehenak gorrotatzearen hori ez dakit zenbateraino den egi eta zenbateraino moda. Norberak izango ditu bere arrazoiak, baina betidanik, astearteak okerrago iruditu izan zaizkit. Astelehenak iraintzeko programatu gaituzte, baina astearteek hor diraute, euren anonimotasunean, oraindik aste osoaren karga bizkarrean hartu behar dutelarik. Nola prestatu existitzen dela sumatzen ez duzun zerbaiti aurre egiteko?
Igandeen fama txar hori, beraz, astelehenei dagokie berez.
Hilabete honetako igandeei begira jarrita, ezin da esan txarrak izan direnik gurean, arraunaren itzalak alaitu baikaitu. Guztiak esaten hasita, uda osoan zehar izan da hala, baina beno. Kontxako banderak Kontxako igande ere badira eta zirrara hori beti da ona. Igandeari eman diozun tratuaren araberako ajea uzten du gero astelehenak, baina hori beste kontu bat da. Gustuko ez duzun lanera joateak sortzen duen ajea bezala, kapitalismo bortitzaren tranpak jan zaituenaren kontzientzia hartzearen ezinegona, baina hori ere beste kontu bat da.
Pentsatzen jarrita, gaurkoa ez da igande-igandea. Bihar ez dut lanera joan behar, etzi ere ez. Belauna izorratzeak abantailaren bat izan behar zuen, antza.