Bada aldaketarako garaia, Aia berri bat ehuntzeko garaia. Eta EH Bilduko kideok argi daukagu aldaketa hori herritar guztion artean emango dela, horregatik eman nahi diegu hitza bizilagunei.
Legegintzaldi hau EAJ-ren politika egiteko moduaren jarraipen bat besterik ez da izan, alperrik galdutako legegintzaldia, herritarrei ahotsik eman gabe eta erabaki guztiak alkatearen esku utziz, EH Bildu taldearekin ere kontatu gabe. "Dena herriarentzat baina herria gabe”, hori izan da beti eta izaten jarraitzen du EAJ-ren leloa, hemen beraiek erabakitzen baitute zer behar duen herriak. Zer egin da lau urte hauetan?
EH Bildu osatzen dugunok argi daukagu hau ez dela bidea eta herritarrei ahotsa emateko garaia dela behingoz. Horregatik jarri nahi dugu parte hartze prozesu bat martxan, ahal dugun ideia eta iritzi gehien jaso eta 2015erako herri programa osatzeko.
Hilaren 14an parte hartze prozesu horren aurkezpena egingo dugu Kultur Etxean, 19:00tan.