Zer demontre gara, gure ametsak ez bagara? Besteen ametsen eraikuntza material soila. Besteen etxe orratzen eraikuntzako zimendu, habe, zutabe edo lur. Etxe ereduak berdindu diren tamaina berean berdindu zaizkigu ametsak. Egun aberats/dirudun izatearekin amesten dugu, zernahi, nonahi erostea helburu. Non geratu dira aske izateko nahiak... etxe orratzen zimendupean seguruenik...
Dirua amestera heltzeko, bortxatuak izan gara, isilduak eta gutxietsiak. Izorratuak, alboratuak, epaituak eta azpiratuak. Eta nola ez, ahaztuak izan dira. Iraganeko askapen ametsak belaunaldi batean izoztuz. Eta itzalek, zementuaren itzalek itsu, dirudun amestea geure erabaki libre dela sinetsi.
Gure bizitza eroste katalogo bilakatzeak, ondorioak ditu. Ezer ez da debalde. Gure gorputzei egindako mespretxu eta bazterkeria bera egin behar besteei gure pribilegioak mantentzeko. Eta gure asmoak ez epaitzeko derrigorrean begi onez ikusi behar lehen zalantzan ipinia: ertzainak kasu.
Bai, bai, ertzainak. Euskadiko gorputz errepresiboa, 300 torturatutik gora dituena. EAEn, askatasunaren ametsa alboratu eta espainiar estatuan eroso bizitzeko sentsaziora gerturatzeko erabilitako tresna bat: 1978an, PNVren interesetatik, konstituzio espainolaren baitan eraikitako askapen mugimenduen aurkako errepresio indarra. Gogoratu, Egunkaria ETArekin lotzeko lehen saiakera Atutxak egin zuela Ertzaintzaren txosten bat erabiliz. Are gehiago, Rodolfo Aresen aldaketek euskararen eskakizun eskasena ezarri eta espainiar izateko baldintza bakarraz, ertzain edo udaltzain izatea ahalbideratu zion edozeini.
Eta orain zer? Ardurak kanpora ... Ba, ez! Azken hilabeteetako eztabaidaren arduraduna Sabin Etxea bera da eta onartu beharko du: poliziak klase sozial ezberdin bateko kide izatea eta munduko beste edozein poliziekiko anaitasuna sentitzea edo sinbologia espainiar zein faxista edukitzea beraien errua dela. Egun batean, ertzainek greba egin eta hurrengoan irribarrez beste edozein grebalari (langile prekario) jotzera joango direla. Beraz, inori hausnarketa etikorik eskatu baino lehen egin ditzatela etxerako lanak Sabin Etxean.
Eta gainontzekook, berriz, deseraikitzera. Eraiki ditugun instituzio erraldoi horiek eraitsi eta gure bizitzak argitzera. Egin dezagun berriz amets askatasunarekin. Biluzik esna gaitezen, gure erabakien baitan gorpuzteko. Monzonen esaldia gure egin dezagun: "Zuek, utopikook, ekarriko duzue Euskadiren askatasuna". Utopiatik, errespetutik, parekotasunetik eta umoretik has gaitezen amesten; Egin zaitez artzain, eta ez ertzain!