Hitzetatik ekintzetara

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Dorronsoro 2022ko aza. 27a, 08:00

EITBren egoitza.

Egoitz Dorronsorok azaroko Karkara aldizkariko Moila bazterretik atalean idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Krisi garaian bizi omen gara, elikagaien krisia, energiarena, klimarena, gerra, etxebizitzarena... Kapitalismoaren eta kontsumo ereduaren ondorio denak ere. Hala ere, nire zalantzak ditut ia benetan azken hatsean egoteak aldatu dituen arazo edo krisi horien inguruko politikak. Nire ustez, zehatzagoa litzateke krisi horien aitzakiapean negozioa ikusi dutela esatea. Krisialdi honetatik "irteteko" erabakietan ez baita ikuspegirik aldatu. Orain arte bezala, gizartea zaurgarriago bilakatuz, etekin ekonomikoa eta aberastasunaren metatzea dute ardatz. Etxeen teilatuetan eguzki plakak ipini beharrean, naturguneak industrializatuz, adibidez. Hau da, lehendik eraikiak ditugun espazioak probestu beharrean, lursail gehiago eraikiz. Zementuaren eta etengabeko hazkundearen politika.

Honetaz pentsatzen ari nintzela, euskara ere ispilu dela etorri zait burura. Gure hizkuntza galbidera kondenaturik daukate Ajuria Enea bezalako bulegoetan. Hizkuntza politika zaharkituak hizkuntzaren erabilpenean atzerakada eragin du. Erabakiguneen arabera, ausardiaz jokatu baino hobe da: EITBn 160 film erdaraz eman bitartean euskaraz bakarra botatzea eta salaketen ondorioz, pare bat film emititzea euskaraz 23:30ean, prime time bete-betean. Edo Pantailak Euskaraz plataformako kideei twiter kontua itxi dietenean isilik geratzea. Zein funtzionarioek euskara ikasten dutenean pasatako momentu "txarren" mitoa sustraitzen laguntzea. Eta inoiz ez mintzatzea haur bati medikuak ulertzen ez dionean, edo ertzainei beldurrez badaezpada erdaraz hitz egitean pasatako ikara eta ezinegonez. Praktikoagoa da euskararen kontrako epai guztien aurrean isilik geratzea. Horrelako milaka eta milaka adibide jar nitzake baina, funtsean, euskara kapitalismoarentzat ez dela praktiko adierazten dute. Egungo sistema hau aldatzen ez dugun bitartean, produkzio indarrek euskararekin negozioa ikusi arte jai dugu. Eta hori, tamalez ez dut uste sekula gertatuko denik.

Ondorioz, bi bide ditugu, egoera hau onartu, aldaezina dela sinetsi eta hiltzen uztea. Edota herri honetan askotan egin den bezala, norberaren eragiteko indarrean sinetsi eta alternatibak sortu eta bultzatzea. Horretan hasteko aukera bikaina dugu egunotan, Euskaraldia. Hizkuntza ohiturei astindu bat emateko aukera ezin hobea. Hala eta guztiz ere, gure inguruko hizkuntz ohituretan eragiteaz gain, politiketan ere eragiteko erabili behar dugu. Adibidez, Euskaraldia lagun, EITBk hitzetatik ekintzetara igaro behar luke. Ezin baita beti norbanakoen gain utzi ardura. Eta erabaki politikorik gabe, ia ezinezkoa delako esparru oro euskalduntzea, lan esparrua kasu. Are gutxiago, bizitzako alor guztiak euskaraz burutzeko egoerara iristea

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide