Kosta ahala kosta...

Erabiltzailearen aurpegia Onetsine Arrizabalaga 2014ko uzt. 20a, 00:41

Iritsi dira udako tenperatura altuak Darmstadtera eta kosta urruti xamar geratzen denez, alternatibak pentsatu behar beroa ekiditeko!

Behin baino gehiagotan harritu dira lagunak hemen udan beroa egiten duela kontatzen diedanean. Klima kontinentala dugu, neguan hotza (ez du elur asko botatzen halere) eta udan -tokatuz gero- bero, oso bero egin dezake (baina ingurua nahiko berde dago, euria ere egiten duen seinale!). Tokatu egin behar, eta ni hemen nagoenetik ez da pare bat astetik gora izan beroaldia izandako egunak. Baina nahikoa da neuronak urtzen zaizkizula nabaritzeko. Neguko hotzerako hain ongi prestatuta dauden arren, udako beroaldietarako ez daude prestatuta, eta aire girotua zer den bulego gutxik dakite. Beraz, bero bolada iristen denean, gure lantokiko liburutegia jendez betetzen da, aire girotua dugun leku bakarrenetakoa baita! Laborategian ere fresko-fresko egoten da bat, baina horretarako sarrera mugatua da ordea.

Aste honetan hasi da beroa, eta gaurko plana pentsatzen eman dut astea. Orioko bi lagunek Frankfurteko aireportuan 4 orduko eskala dutela, eta, nola ez naiz ba gerturatuko eurekin ordu horiek pasatzera? Gainera, bizikletarekin topera nabilen honetan, aireporturaino bizikletaz irits daitekeela ikusi dut, beraz garraioa aukeratua. Baina arratsalderako 35º C-tik gora eman dute eta iritsiko ez ote naizen beldurrez, goizean bide gehiena egin eta Langeneko lakuan freskatzen egon ostean iritsi naiz aireportura.

Garagardo batzuk erosteko beta izan dut lagunak atetik irten aurretik, eta ongi etorrirako listo jarri naiz ate ondoan! Ze polita den munduan zehar euskaraz hitz egitea, hitz eta pitz jardun dugu herriko kontuez, hemengo lan eta aisialdiko kontuez etab... Alboko aulkian eserita zeudenek hizkuntza ezagutuko ote zuten adi begiratzen ziguten, baina arrastorik ez! Azkar pasa da denbora eta euren oporren helmugara iristeko hegazkinera bidea hartu dute eta ni etxera bueltan.

Baina gaueko 8ak ziren arren, bero zen bidea, halajaina! Itxasoko kresala ekarri didate lagunek, baita bisigu eguneko parrillako usaina ere, baina kosta ikustea, hondartza, olatuen joan-etorria entzun ahal izatea... eta batez ere ur gatzatutan bainatzea, horretarako neronek joan behar berriz! Kosta zait bueltako bidea egite, maldan gora izateak zerikusia izango zuen. Lantoki parera iristerako indarrak agortuta sentitzen nintzen, baina azken 8 kilometroak, eguneroko bidea izanik, nola ez ba egin? Kosta ahala kosta bizikleta gainean iritsi behar nuen eta itxasoko olatuengan pentsatuz, haiek bultzatu naute maldan gora etxeraino!

Bidaia on lagunak! Eta zuei ere lagunduko al dizue bizikletan indarrik gabe zaudetenean itxasoan pentsatzeak! Benitok abesten duen "Itxasoari begira" kantua entzun eta banoa harekin amets egitera!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide