Bosteko kuadrilak lortu dugu trenean gure bizikletentzat tokia topatzea (bizikletak eramateko egokitutako bagoia gainezka baitator, gu bezela beste jende askok izan baitu ideia bera) eta bi ordu eta bi trenen ostean Würzburgeko parke batean mokadutxoa jan eta bizikleta gainean bidaiari ekin diogu.
Lehenengo eguna lasai hartu dugu, giharrak berotu eta bizikletako pisua alforjetan ondo banatuta dihoan sentitzeko. Bidea, berriz, bizikletentzako autopista bat da, batere zulorik gabe, bi metro zabal, joan etorrian lasai ibiltzeko. Jende piloa dabil, hori bai, aurrera eta atzera, eta txirrina jo eta jo entzuten da, aurreratzera doazenek abisua emanda. Eguraldia bizikletan ibiltzeko primerakoa, ez bero gehiegirik ezta euririk ere, lehenengo gaueko kanpingera iritsi eta igerilekuan bainutxoa hartzeko fresko samar dagoen arren, animatu gara! Bizilagun jator jatorrak ere oherakoan euren mahai eta aulkiak erabiltzen utzi dizkigute eta ezin kexa!
Bigarren egunean bide luzeagoa egin dugu, Karlstadtetik Wertheim-Bettingeneko kanpinera, 60 bat kilometro. Erritmo lasaian goaz, bizikletan egunero ibiltzera ohituta ez daudenak atzean gera ez daitezen. Ibaiaren albotik, Oria ibaia gogorarazten dit momentu askotan, meandro baten ostean Orio topatuko dudala iruditzen zait momentu askotan! Hori bai, marea goian daogen egunak dakarzkit gogora. Ibaia zabala da, baina ontziek bertatik ibili ahal izateko dikeak daude eta urak maila ezberdinak ditu dikearen alde banatara. Ontziak gora-behera egiteko, berriz, kanal antzeko batzuk dituzte eraikita, non ateak itxi eta beste mailarekin berdintzen den ura, behar adina ur gehituz edo kenduz.
Igarotzen ditugun herriak ederrak dira, alde zahar ondo mantenduekin, bertako etxe estiloa mantentzen dutenak, egurrezko zutabeak azaleratuta dituztenak. Hirugarren egunean lasaixeago hartu dugu, 40 km egin ditugu Miltenbergera iristeko, eta nahikoa dela erabaki dugu. Kanpina herriaren erdigunean kokaturik dagoenez, bertantxe pasa dugu gaua. Ibaian bainatzeko aproposa zegoen arren, sartu-atera egiteko ez dugu leku egokirik topatu eta gogoekin geratu naiz!
Azken etapa izan da gogorrena, kilometro gehien egin dituguna izan da, eta 3 egun kanpin-dendetan lo egin ostean, gorputza ere nekatuta... baina dudak genituen arren, talde osoa iritsi gara Darmstadtera bizikleta gainean! Bidaiko mapa uzten dizuet jarraian.
https://goo.gl/maps/a6nQA
Eta noski, ongi etorria ez da ongi etorri herrialde honetan garagardo fresko bat gabe! Bidean tokatu zitzaigun, gainera, herriko garagardotegietako bat eta bidaiko bi aldaparik gogorrenak igo ostean, nola ez bertan atseden hartu!!! ;)
Ongi izan!