Albistea abenduaren 27an plazaratu zuen Hitzak, eta ez 28an. Hala izan balitz, 28an kaleratuta, ez nuen inola ere sinistuko, “inuxentekeria earra sartu nahi ziguk Hitzak” esango nuen; KARKARAk Jose Luis Korta berriro Oriora datorrela esanez zabaldu zuenari bezalakoxe sinesgarritasuna emango nion nik Hitzakoari. Baina 27an plazaratu zen albistea, eta egia zen.
Honela ere etor zitekeen albistea: “gipuzkoar guztion Diputatu Nagusia omen den Markel Olanok bilkura egin du oriotar guztien alkate beharko lukeenarekin eta haren partiduko hiru zinegotziekin, oriotar guztiena den udaletxean”; titulu eta guzti: “Olano, hola no”.
Debate polita legoke berriro ere albistea emateko bi modu horietatik zein litzatekeen desegokiena. Baina kazetaritza-ariketak alde batera utzi eta politikari helduta, uste dut jokaera hori ez dela modurik egokiena Diputatu Nagusi batentzat eta alkate batentzat urte politikoa bukatzeko.
Markelek eskubide osoa du Jonekin eta EAJko gainontzekoekin nahi duenean nahi duen tokian elkartzeko eta nahi duenaz hitz egiteko. Batzokia toki egokia izan liteke horretarako, oso batzoki ona daukate gainera zeregin horietarako.
Baina Gipuzkoako Diputatu Nagusiak bisita egin Oriora, herriko alkatearekin bilkura egin udaletxean, bertan Udalaren egitasmoez hitz egin eta bilera horretara alkatearen partiduko zinegotziak eta argazkia egiteko kazetaria beste inor ez konbidatzea…, eta gainontzeko zinegotziak kazetariaren bidez jakitea bisita horren berri… Ningunear esaten zaio erdaraz, inorestea euskaraz. Giza balioen zerrendan zenbatgarren tokian dago korporazio kideak inorestea?
Hori, gutxien-gutxienez, ez da ezkontzen inondik ere alkateak elkarrizketetan-eta aipatzen dituen giza balioekin eta gertutasunarekin, ezta aniztasunarekin eta giro ona landu nahi izatearekin ere.
Orioko Udalak 11 zinegotzi ditu, haietako zazpi baztertuak izan ziren, nahita, bilera horretatik, eta bide batez baztertuak izan ziren baita ere, modu sinbolikoan, zazpi horiek ordezkatzen dituzten herritar guztiak, oriotar gehienak.
Hanka sartzeak denok egiten ditugu. Aurrena, ni neu naiz, horretan. Hastear dugun 2008a hobea izango ahal da guztiontzat! Baita giza balioak eta gertutasuna landu eta indartu nahi dituztenentzat ere! Urtea kantari bukatuko dugu: “zenbat gera, lau, bat, hiru, bost, zazpi? Edo hamaika?
Urte berri on, guztioi! lauroi, zazpiei, hamaikoi eta denei!
Iñaki Iturain