Batetik, Goiko Kaleko festen antolatzaileek iaz bigarren eskuko liburuen azoka jarri zuten, liburu asko eta era askotakoak, debalde, eskuragarri nahi zuenarentzat. Bi aukera eskaini zituzten horrela, hartzeko eta emateko, jende askok egokiera izan baitzuen zakarrontzira bota gabe etxetik atera nahi zituen liburuak ondo bideratzeko, liburuari bigarren aukera emateko.
Bestetik, herritar bati bururatuta, Udalak egunero erosten dituen egunkariak orain, lehen ez bezala, kultur etxeko liburutegian egoten dira arratsaldean, herritarren eskura. Egunkariek ere bigarren aukera dute, eta herritarrek udaletxeko funtzionario eta politikariek bezalakoxea.
Bi ekintza txiki, biak balio handikoak, biek distribuzioan asmatzen dute, banaketan, zabalkundean. Eta ni nago horixe dela gure munduak gaur egun duen arazo nagusia: distribuzio txarra, banaketa negargarria. Eta horretan asmatuz gero, hori ondo egingo balitz, konponduta leudeke munduko arazo mingarri asko, besteak beste, nagusia: gosea. Horixe bera azpimarratu ziguten, beste gauza askoren artean, udazkenean gure artean izan genituen Hego Amerikako zenbait herritako ordezkariek, iazko urtean zehar Oriok izan zuen ekitaldirik ederrenetako batean.
Iñaki Iturain