Aste honetako notizia txoroa iruditu zait. Diario Vascon zetorren igandean, lehen orrialdean titularra eta 2.ean eta 3.ean notizia osoa.
Antza denez, proiektuaren aurkako ehunka protestei barre egin eta, orain, zulo batean eraiki nahi dute errausgailua. Toki estrategikoa aukeratu dute dagoeneko, Usurbildik eta Lasartetik ikusi ez dadin, begi-inpaktua saihesteko.
Nire galdera da: zer lortuko dugu horrekin? gutxiago kutsatuko du? hondakin gutxiago sortuko dugu etxeetan? zer garrantzia du begi-inpaktuak, alderik alde tailerrak, fabrikak, hormigoia eta abar ikusten ohituta gaudenean? Ikusten ez duen begiak, negarrik ez politikarekin ziria sartu nahi digutela uste dut nik; beste behin.
Etxekalte joka dezakegu, erabat zulatu arte etxea, edota teilaturik gabe gelditu arte, baina naturak beti jarraitzen dio bere bideari. Gurekin edo gu gabe naturak aurrera jarraituko duela jakiteak, milioika urtetan egin duen bezala, lasaitasuna ematen dit.
Hala ere, bi aukera ditugu: berdinean jarraitu, edota aski da! esaten hasi.
Has gaitezen gure etxetik; urrutira joan gabe, Zubietatik, bertatik.
Mikel Aranzabal
—Karkarakidea—