Adiorik ez, gero arte

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2009ko urr. 28a, 13:26

Orri zuriaren aurrean jarri naiz iritzi artikulu hau idazteko prest eta, gutxitan bezala, ez dakit nola hasi. 2008ko udan Patxik hots egin eta moila bazterretik atalean idazteko proposatu zidanean, herriko gaien inguruan idazteko aukera polita izango zela iruditu zitzaidan. Askotan mementoa iristen denean, ordea, pertsonoi kostatu egiten zaigu benetan pentsatzen duguna jendaurrean adieraztea, gertuko gaiez ari garenean batik bat.

Buruari bueltak ematen hasi naiz, zeri buruz jardun naitekeen pentsatuz; astelehena da eta atzo inauguratu zuten Ikastolaren eraikin berriaren inguruan jardutea bururatu zait hasiera batean. Baina ondo pentsatu dut, ez nuke nahi inork gaizki hartzerik, esan diot nire buruari. Izan ere, Orion bada gai bat politika bera baino kontu gehiagorekin jorratu behar dena, ikastetxeena, hain zuzen ere.

Aurreko gaia guztiz baztertu ondoren, Iñaki Gurrutxaga bertsolaria zoriontzea ere etorri zait burura, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako final erdietarako sailkatzea lortu baitu. Hala ere… ez da niretzat gairik aproposena, ezer gutxi baitakit nik bertsolaritzari buruz. Beraz, hanka sartzeren bat egin baino lehen, hobe buruari beste buelta batzuk ematea.

Guztiz etsita artikulua bukatzeko zenbat hitz geratzen zaizkidan begiratu eta konturatu naiz, amaitzen hastea komeni dela. Ez zait gustatzen niri adio esatea, nahiago izaten dut gero arte alai batekin agurtzea. Beraz, hemendik aurrera txoko honetan elkarren berri jakingo ez dugunez, eskerrak eman nahi dizkiet orain arte nire iritzi artikuluak irakurri dituzten guztiei. 

Karkarakoei ere mila esker, nahi izan dudan arte nire burutapen eta iritziak kontatzeko lekutxo hau utzi didatelako.

Aiora Larrañaga

—Hitzako kazetaria—

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide