Abenduaren 27an Euskal Herriko Kirolariak taldeak Anoetan egindakoa oso polita eta hunkigarria izan zen.
Eta atxikimendua eman duten kirolarien zerrenda ere luzea da, bi milatik gora dira dagoeneko. Baina gauza bat ez zitzaidan argi geratu eta hor dago nire kezka nagusia.
Euskal Herriaren izenean nahi dute lehiatu munduan kirolari horiek guztiek, baina ez zuten argi utzi Espainiak edota Frantziak deituta zein izango den hartuko duten jarrera.
Benetako mugarria nire ustez hor dago, Euskal Herriaren izenean lehiatu nahi badugu, uko egin diezaiogun beste estatuen selekzioekin lehiatzeari eta, jakina, euskal taldeek ere babestu dezatela hori. Bi urteko zigorrari aurre egiteko, jokalari horien taldeen babesa ezinbestekoa baita.
2010ean munduko futbol txapelketa jokatuko da Hegoafrikan, ziurrenik euskaldunen bat ere bertan izango da, eta ia seguru nago Anoetan ginenetako batek baino gehiagok babesa emango diola bertan den euskaldunari. Euskal Herriaren izenean lehiatu nahi badugu, gogor egin diezaiogun aurre egoerari.
Iker Gurrutxaga
2010eko urtarrilaren 5ean