Euskara guztion ardura da

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko urt. 7a, 12:30

Etxetik irten eta ibaiaren bideari jarraituz, heldu naiz moila bazter honetara. Ez nuen espero, ez, urte berria txoko honetatik itsasontziei begira hasiko nuenik. Baina moila bazterreko koadrilan hutsune bat zutela eta nigana jo zuten; eta nik ezin aukera honi ezetz esan. Askok eta askok ez nauzue ezagutu ere egingo, ziurrenik. Ni ez naiz, ez, Txokolatenekoa, ez Oiluaenekua eta ezta Zakilaenekua ere. Ez segi bide horretatik. Oriotarra naiz eta Orion bizi naiz, baina ez nire aurrekoak.

Urte berria norbere buruari erronka berriak jartzeko sasoia izan ohi da. Halaber, ingurukoek txoko honetan idatzi behar dudala jakin dutenetik, iradokizunen buzoi bihurtu naute. Guztiek dute zerbait esateko. Ez naiz bada ni beren bozgorailu izango.

Gabonak atzean utzi baditugu ere, Gabonen jirako zenbait kontu aipatu nahiko nituzke. Anibarko Portutik plazara bidean, ibaira begira jarri naiz eta hainbat ontzi ikusi ditut anguletako bahea dutela. Geldirik daude, ordea. Azken egunetan ez dut ontzi txikien argirik ikusi ibai bazterrean. Angulak ere krisian omen daude. Angulak jaio, jaioko dira, baina ez diegu hazten uzten.

Jaiotzen jiran urte bukaeran jakin dugu Urola Kosta dela Gipuzkoan jaiotza-tasa handiena duen eskualdea: 1,29 haur emakumeko. Bada zerbait, baina ez da nahikoa Orioren, Euskal Herriaren eta euskararen etorkizuna bermatzeko. Gurea da, beraz, ardura. Euskararen etorkizunarekiko kezka ikusi nuen Gabon gaueko afarian, bederatzi urteko nire lehengusuaren begietan. Bere ama gazteleraz hizketan ari zen eta alaba haserretu, mahaian ginen guztiek euskara ezagututa ere, gazteleraz ari zelako. Bera moduko haur asko beharko ditugu angulek baino etorkizun oparoagoa izan dezagun. Guztiona da ardura. 

Onintza Aiestaran
2010eko urtarrilaren 5ean



Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide