Oriotik Italiara

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko ots. 3a, 12:30

Bizitza osoa Orion pasa dut, softbolean jokatzen. Baina badira 5 urte Italia aldetik nabilela. Kirol horri esker, bestelako bizimodua egiteko aukera izan dut: etxetik atera, beste hizkuntza, ohiturak ikasi…   esperientzia hori probatzeko gogoa etorri zitzaidan eta  horrela pasa dira urteak.

Lehenengo urtean Marcheno aldera, Bresciako herrialde txiki batera, abiatu nintzen hango taldearekin jokatzera. Bizitza nahiko lasaia zen, hiriburuko etengabeko hara eta honako mugimendutik urrun geratzen baita.

Hurrengo hiru urteak La Loggia herrian pasa nituen Turinetik 5 kilometrora. Hemengo bizitza askoz ere biziagoa da, hiritik gertu dago eta sofbola jende gehiagok jarraitzen du.

Egun Somma Lombardon bizi naiz, Milanetik 30km-ra. Hiri horretakoa dut mutila eta hemen bizitzea erabaki genuen. 5 km-ra aireportu handia daukagu eta mugimendua nabaritzen da: jendea joan-etorrian dabil, hegazkina hartu eta utzi.

Beti iparraldean ibili naiz; oso polita da. Mendi eta laku asko daude, baina beti faltan sentitzen da itsasoa. Horregatik, ahal dugunero, Oriora hurbiltzen gara.

Hemengo bizimodua Euskal Herrikoaren antzekoa da, baina gustura hartuko nituzke hemen gure poteoak. Hemen ez dago ohitura hori, nahiz eta aperitiboa egitera ateratzen diren. Edatekoa eta jatekoa ekartzen dizute, baina 5 euro ordainduta. Hirietan, ordea, hedatuago dago usadio hori: 5 euroren truke, nahi adina  aldiz, nahi adina kantitate  edari eta jaki duzu eskura. Ez dago gaizki.

Hemengo beste ohituretako bat –eta ahaleginak eginda ere ezin nahiz horretara jarri– 12etan bazkaldu eta 19etan afaltzea da. Etxean nagoenean, nire betiko ordutegiari, Euskal Herrikoari, eusten diot, baina kanpora bazkaltzera edo afaltzera ateraz gero, ordutegi horretara moldatu behar! 15:00etarako eguerdian eta 22:00etarako gauean itxita daude sukaldeak.

Hizkuntza aldetik, uste dut denak txoratu egiten garela italiarrez hitz egiten entzuten dugunean; erraza ematen du, gaztelaniaren tankera baitu. Ezer jakin gabe ulertuko nuelakoan nengoen, baina aurreneko esaldia esatean konturatu nintzen ez zela horrela.

Italiako herrialdeaz zer esan? Modak ikaragarrizko garrantzia duela. Edozein herritan aurki daitezke sona handiko arropa marken dendak. Asko zor dio Italiak modari. Historiari dagokionez, ondare handia du lurraldeak: gazteluak, museoak…

Bukatzeko, Italian zergatik geratu naizen galdetzen dutenei il mio amore aurkitu dudalako esan beharko diet. Eta hizkuntzaz ere maitemindu naiz. Hala ere, norberaren herriak asko tiratzen du eta nork daki, akaso, Orio aldera bueltatuko ez ote garen.

Rebeka Karrera

2010eko otsailaren 3an

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide