Urte mordoxka pasa dira argazkiko emakume pila horiek 1940. urtearen inguruan argazkia atera zutenetik.
Txanka baserriko Joxe Zumetarekin ezkontzen zela-eta, Inaxi Peñaren refreskorako –ezkongaien despedida esaten zaio orain– elkartu ziren guztiak, Peñaenean. Hortxe agertzen zaigu Inaxi bera, erdi-erdian, guapa asko, lore galanta jarrita paparrean, bi ahizpak ezker-eskubi dituela.
San Martin bailarakoak dira ia guztiak, baina badira Aginagako bizilagunak direnak tartean. Hala ere, argazkian atera nahian arrimatu eta burua ikusten zaion gizonezko kuxkuxero samar bat ere ageri da argazkian: Juan Zaldua. Haurra, berriz, Joxe Mari Urdangarin da.
Hauexek dira argazkian ezagutu ditugunak, goian, ezkerrean hasita: Aldapeko Kandida Arruti, Erratzabalgo Antoni Mujika, Aldapeko Jesusa Arruti, Munioetako Felisa Arruti , Aldapeko Juliana Arruti, Maria Sarasua, Marcelina Arruabarrena, Aizperroko Isabel, Munioetako Manolita, Aginako bi emakume –ez dakigu beren izen-abizenik–, Erretzabalgo Juanita Mujika, Itxaspeko Maria, Etxaizko Inaxi, Maxpildiko Florentina, Aizperroko Krexentxi Balerdi, Agiñako beste hiru emakume, tartean Txankagoikoko Anita Zumeta dutela, Sabeko Maria Gonzalez D. Txabarri eta Claudia Gonzalez D. Txabarri, Anduko Kontxexi, Etxaizberrikoren bat, Aizperroko Antoni, Karraballoko Maria Gozategi, Txankako Joxepa Carrera, Lizargateko Pantxiska, Agiñako lau emakume datoz jarraian (aurrenekoa ez dakigu nor den, baina hurrengo hiruen izenak Klaudia, Inaxi eta Antoni dira), Etxaizko Juana Joxepa, Zentellastarretako bat, Etxaizberriko Maria, Etxeberriko Justina Esnal, Etxeberriko Maria Atxega, Katxiñako Pilar, Agiñako emakumeren bat, Katxiñako Nati Etxezarreta eta Paxita.
Informazioa: Nati Katxiña eta Kandida Arruti