Jose santuaren eguna

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko mar. 16a, 13:21

Martxoaren 19an ospatzen da Jose santuaren eguna, eta garai batean Euskal Herri osoan ere bai, baina batez ere Gipuzkoan, askok eta askok oso santu maitea zuten, hargatik Joserekin hasten ziren hainbeste izen genituen gure sendietan.

Eliz-goroa indarrean zegoen garaian, gaur baino askozaz jaiera edo debozio handiagoa zeukaten orduko kristau eta herritarrak santu horrengan.

Beste gai askotan bezalaxe, eliz giroan ere, azkeneko 40 urte hauetan gauzak asko aldatu dira, lehen Jose santuaren eguna, jairik handienetakoa zen, eta azken urte hauetan, batzuetan jai jartzen dute eta hurrengoan aste, horrela dabiltzalako edo beste zerbaiten eraginez, lehen zuen ospe eta berotasun hura, asko hoztua daukagu gaur egun.

Jose santuaren jai hori zela medio, orain 60 urte gutxi gorabehera, gauza bitxi bat gertatu zen eta Karkara honen bidez, beraren berri eman nahi nuke.

Urte hartan, aurten tokatu den bezalaxe, ostiralean egokitu zen Jose santuaren eguna, eta egun hori nola Garizuman izaten den, orduan bijili eta barau egitera behartzen zuten Elizako legeek, Garizumako ostiral guztietan. Eta san Jose egunez arkumea jateko ohitura nola zegoen orduko sendietan, eta ostiralez tokatu zelako arkumerik jaterik ez eta jendea oso haserre. Jose santua nola arotzen zaindaria den eta garai hartan, Zarautzen arotz-tailer asko nola zegoen, tailerretako nagusiak elkartu eta Zarauzko fraideengana joan omen ziren, san Jose eguneko haragi-uztea edo bijilia arren kentzeko eskatuz.

Orduan fraideak zer gertatzen zen berri emanez, gotzainari erregu egin omen zioten, eta gotzainak, arkume edo haragiak jateko baimena eman omen zuen.

Arkumea zeukatenak, lasai jan zezaketen, baina hura erosteko dirurik ez zeukanak jaterik ez. Derrigorreko bijilia, orduan ere gogorra eta orain ere bai.

Joxemari Lertxundi
2010eko martxoaren 17an



Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide