Bertsoka eta koadrilan

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko api. 21a, 13:22

Igande arratsalde dotorea Araian bertsoek eta koadrilla giro paregabeak lagunduta. Bi finalerdi jokatu dituzte iada Arabako Koadrilla Arteko Lehenengo Bertso Txapelketan. Ez da bertsoa Araban Euskal Herriko beste probintzietan bezain indartsua, beharbada, baina eskualde banaketaz gain beste banaketa administratibo berezia badu herrialde honek: lagunartea. Abantaila hori aprobetxatuz, hasi dute koadrillek bertsoa erein eta bertsozaleak biltzeko lana; bi urtean behin egiten den txapelketarako jendea animatu eta bertso uzta txukuna lortzeko errezeta.

Auzolana du oinarri ekimenak. Koadrilan erosoago ibili ohi gara euskaldunok eta bertso eskoletako zein beste lagunarteek osatutako taldeek ere hori erakusten dute. Herritarrak bertsotara animatzeko ondo pentsatutako saioa da. Denen artean egin beharreko lanak, bakoitzaren trebetasunaren arabera banatu eta epaileen aurrean defendatzen dituzte. Zortziko nagusian, zortziko txikian, hamarreko txikian, puntuka zein kopla kantuan, koadrilaren animoa eta babesa bizkarraldetik jasoz aritzen dira. Hiru eta sei bertsolari tartean izan ditzakete taldeek eta eskarmentua gehiago edo gutxiago duten jende gazte zein zahar-gazteek osatzen dituzte.
Bat-bateko bertsolariez gain, bertso-paperetan aritzen direnek ere badute lekua lehiaketa horretan. Saio hori burutzen dutenek oso giro ederra sortzen dute jantziak egokituz, musika instrumentuz eta bestelako trasteez baliatuz. Aurrez prestatu eta entseatutako bertsoak badira ere, hauen interpretazioa konplexua da. Aukeratutako gaia zein bertsoaren edukiarengandik gehiago espero da, gainera.

Koadrilan eta aurrez entseatuta, ala koadrilan eta bat-bateko kopla laburrak abestuz, txapelketaren esperientzia bizitzeko aukera ematen duten txapelketa da, beraz, Arabakoa. Bakarka aritzerako pausua pixkanaka eta lagunartearen eskutik ematea ahalbidetzen du. Bertsoa jasotzeko bertsolaria behar eta bertsolaria izango bada, bertso eskolek ereiten duten hazia era honetako ekimenez indartu behar.

Bertso gose denarentzako patata pintxo interesgarriz osatutako bertso txapelketa da azaltzen ari natzaizuena; datorren urtean datorkigun plater nagusia izango den Arabako Bertsolari Txapelketara bitartean tripa-zorriek abesteari utzi diezaieten erremedio paregabea. Saioak burutzen diren herrietan giro aberatsa sortzen da ondo moldatzen dituzten bazkari, afari zein herrietako tabernak girotuz.

Hurrengo finalerdia Amurrion egingo da hilaren 25ean eta finala Gasteizen maiatzaren 8an. Koadrilan, koadrilen arteko festa honetara joatera animatzen zaituztet, patata-bertsoak eta bertso-patatak bazkaltzeak merezi du eta. 

Eneko Balerdi

–2010eko apirilaren 21ean–

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide