Autoak abiada bizian gidatzea gustatzen zaio askori eta ondo legoke hori, ondorioz bide-bazterrak gorpu gaztez beteko ez balizkigute.
20 urte nituen, sanpedrotako gau batean, Antilla aldean, auto batek jo eta eskuineko hanka txirtxilatu zidanean; denak emanda zetorren istripua eragin zuen autoa eta, orduan ere, zauritu eta kolpatuez gain, gorpu gazte bat geratu zen bide-ertzean. 17 urte zituen Anetxuk.
Geroztik, bestelako begiz ikusten ditut autoa jostailu gisa darabiltenak eta amorragarria egiten zait gizartean nagusitzen ari den joera, auto-lasterketak famatzekoa eta auto-gidariak eredutzat hartzekoa. Urrutira gabe, Aian badaramate hainbat urte auto-lasterketa bat egiten eta Orion ere rally-a antolatzekotan omen dira irailerako, hondartzatik Bentara. Ulertezina bazait ere, bi lasterketek dute udalen babesa.
Beste edozein afizio bezalakoa dela esango didate batzuek eta kalterik ez duela egiten, lasterketetan dena oso kontrolatuta dagoelako. Baina ez da egia; errepideetan egunero ikusten ditugu abiaduraren gorazarre horrek sortutako arrisku eta kalte latzak.
–2010eko apirilaren 21ean–