Haurren mundu zoragarria

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko api. 21a, 14:04

Haurren mundua. Umea. Tolesgabea. Kutsagabea. Zoriontsua. Xehea. Irribarretsua. Maitabera. Guzti hauek eta beste adjektibo asko erabili zitezkeen haurren adimena deskribatzeko. Beren imajinazioa eta izaera, azken finean. Begirada garbi eta irribarre jator horiek… Beren malkoak bezain egiazkoak.

Egunero saiatzen naiz zerbait ezberdina, berria eta praktikoa erakusten haurrei; beti ere, jokoaren bidez planteatuta. Baina, bukatu ondoren,  eta hausnarketa egiten dudanean, konturatzen naiz berak direla, egitan, niri erakusten didatenak. Gauero daramat nirekin etxera ikasitako zerbait, beren artean edota nirekin nola erlazionatzen diren aztertu ondoren.

Eta zoragarria da. Espresatzen uztea eta berek konturatu gabe adi-adi begira egotea.

Badirudi sentsore bat daukatela, zehatz-mehatz adierazten diena egun jakin horretan nola sentitzen naizen. Zeren eta triste, nekatuta edo haserre banago, niregana hurbiltzen dira eta besterik  gabe besarkatzen naute. Nik ezer esan gabe. Gure artean hitzak soberan daudelako. Gure energia da hitz egiten duena.

Eta, orduan, amore ematen dut. Nire koraza kentzen dut eta besarka nazaten uzten diet.

Besarkada bukatu da. Lurreratzen naiz. Eta errealitatera itzuli, berritua. Sendatua. Ume baten besarkadak dena sendatzeko ahalmena duelako. Dena. Deskribatu ezin den zerbait da. Sentitu egin behar da ulertuko bada zertaz ari garen hitz egiten.

Tarteka, mentalki bakarrik baldin bada ere, itzuli egin beharko genuke gure barruko ume horrengana. Arazorik ez zuen mundu horretara. Amatxok meriendatzeko zer jarri ote digun baino kezka handiagorik gabe…

Carla Acuña

–2010eko apirilaren 21ean–

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide