Amets on

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2010ko mai. 19a, 13:57

Derrepente ulertu dut zein izan ohi den batzuetan lorik hartu ezinaren arrazoia: zure ametsak ez daudela prest, oraindik.

Ludwig Hallek idatzitako apuntea omen goikoa, Harkaitz Cano idazlearen ahotik orain pare bat aste irratian aditua. Ikaragarri gustatu zitzaidan esaldia, hamaika irakurketarako atea ireki baitzidan.

Zenbat minutu behar ote dira amets bat prestatzeko? Ba al da amets motelik? Kirolarekin gertatzen den bezala, entrenatuz gero azkarrago lokartzeko aukerarik ba al da? Lo hartzen duten guztiek beren ametsak prest al dituzte? Di-da batean lo egitea lortzen dutenak ameslariagoak al dira? Lo hartu nahi ez dutenek beren ametsetatik ihes egin nahi al dute? 

Zahartzerakoan loak bat hartzea gehiago kostatzen omen da. Beraz, urteak bete ahala amets gutxiago izango al ditut? Gure ametsek abandonatu gaituzten seinale al da esnatzea?

Esaldia entzun nuenetik ameslarien zelatari bihurtu naiz. Udaberri busti honetako denbora pasa polita aurkitu dut. Ametsen Gadget inspektorea  bihurtu naiz eta ez dakizue zein ederra den jendearen ametsei buruz ipuinak asmatzea.

Ameslaririk kuriosoena noiz eta non topatu nuen jakin nahi?

Esaldia entzun eta egun berberean topatu nuen, trenean. Aldamenean eseri nintzaion mutil gaztea lo gozoan zetorren. Balantza batean zuen burua, alde batera eta bestera, dantza ondo koordinatuan. Usurbil pasa eta berehala kuriositatez begira jarri nintzen. Ez zen bada hasi lerdea dariola eta segidan gizajoa susto batean esnatu! Ez dakit treneko siesta azkar baterako lo gozoegia ez ote zuen hark! 

Garbiñe Manterola

2010eko maiatzaren 19an

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide