Antiliderrak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2022ko ots. 15a, 10:00

Otsaileko KARKARA aldizkarian plazaratutako iritzi artikulua, Nire honetan atalean.

Gure lanbide honetan, era askotako gauzak egitea tokatzen zaigu. Oraintxe ari naiteke nire bizitzako elkarrizketarik interesgarriena egiten; geroxeago, korrika eta presaka, azken orduko albiste bat webgunean sartzen; goiz erdi bat pasa nezake mezu elektronikoak eta telefono deiak erantzuten; edo hurrengo aldizkariaren krokisa osatu ezinda, zeruak eta lurrak madarikatzen. Ohiko lanetaz aparte, tarteka, formazio saioak ere izaten ditugu, eta hain zuzen ere, azken asteotan lidertzari buruzko ikastaro bat ari gara egiten. Azaldu digute zeintzuk diren nagusi izatearen eta lider izatearen arteko aldeak, zenbat eratako liderrak dauden, zeintzuk diren lider on baten ezaugarriak... Eta gauza batekin gelditu naiz: nagusiek langileak dituztela, eta nagusientzat langileak direla beren onurarako erabil ditzaketen baliabide soilak; eta, aldiz, liderrek jarraitzaileak dituztela, kolaboratzaileak, eredu izaten direla, eta nahi gabe ere, jendea erakartzen dutela.

Eta gaur —urtarrilak 28, ostirala—, hemen ari gara aldizkaria inprentara bidali aurreko lanetan, azken ukituak ematen. Eta asteari errematea emateko, arratsaldean Labiren bilera. Gaurkoan zer erabakiko ote dute gure antiliderrek? Zein ote hurrengo adar jotzea?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide