Jaialdiko lehen partiduan 3. eta 4. postuak erabaki ziren. Bertan, Jagoba Solaberrietak eta Juanjo Polok irabazi zuten Xabier Murua eta Iban Arrutiren aurka 30 eta 18ko emaitzarekin. Partidu nahiko erosoa izan zen garaileentzat, galtzaileek ez baitzuten txapelketan erakutsi duten maila eman. Alde handiagoz ere egon ziren irabazten, baina partiduaren amaieran tanto batzuk egitea lortu zuten Muruak eta Arrutik. Beraz, 3. postuari zegozkion trofeoak –oilaskoa eta txistorra– Jagoba eta Juanjorentzat izan ziren, eta Xabier eta Iban 4. postuari zegozkion sariekin –saiheskia eta txistorra– konformatu behar izan ziren.
Jaialdiko partidu nagusian ere, hasieran uste zena baino alde handiagoa egon zen. Hasieratik lortu zuten Unai Ilarramendik eta Ibon Berasaluzek markagailuan alde egitea. Aitor Matxain eta Aitor Larrañaga saiatu ziren arren, ez zitzaizkien gauzak beraiek nahi bezala irten. Tanto gogor eta politak ere ikusi ziren, baina gehienetan alde berdinera erortzen ziren. Galtzaileak saiatu ziren partiduari buelta ematen pilota aldatuz, baina ez zen beraien arratsaldea izan. Batez ere Berasaluze, oso inspiratua irten zen kantxara eta atzetik jardunagatik, aurrean tantoak ederki amaitu zituen. Azken emaitza 30 eta 16koa izan zen. Beraz, txapeldunordeei zegokien trofeoekin –indioilar izterrak eta gazta zatia– etxeratu ziren Matxain eta Larrañaga. Eta txapeldunei dagokien moduan, Ilarramendik eta Berasaluzek txapela janzteaz aparte, txuletak eta txorizo Iberikoa ere eskuratu zituzten.
Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartzaile guztiei, beraien borondateagatik eta txapelketan erakutsi duten mailagatik. Eta datorren urtean ere parte hartzera animatu nahi ditugu.