Aurten lau izango dira Orioko saskibaloi taldeak. Aurreko urteetan herrian izan ditugu oriotarrez osatutako beste talde batzuk ere, baina aurtengoan oriotarrez osatutakoak bakarrik izango dira gurean. Hala, infantiletako bi talde –neskak eta mutilak, kadete nesken taldea eta junior mutilen taldea izango dira Karelan jo eta su lanean. 46 neska mutil guztira.
Asteburu honetan jokatuko dute lehenengoz talde guztiek batera. Atsedenak eta liga hasierak egun desberdinetan izateak ez du lau taldeek astebukaera berean partidak jokatzeko aukerarik eman.
Larunbatean izango dira jardunaldi honi dagozkion etxeko partidak. Infantil nesken eta mutilen neurketak jokatuko dira Karelan. Mutilek 9:30ean jokatuko dute eta Oiarso B Errenteriako taldea izango dute aurrean. Egoitz Dorronsororen taldeak 39-61 irabazi zuen estreinako partidan Bidebietan Askatuaken aurka eta pozik agertu da entrenatzailea egindako jokoarekin. Oiarsok berriz 8-54 galdu zuen ligako lehen jardunaldian. Baina kategoria honetan ezin daiteke jakin zer nolako maila duten taldeek elkarren aurka jokatu arte.
Neskek ere garaipenarekin ekin diote denboraldiari, 20-77 irabazi zuten Ainara Zamakolak zuzendutako jokalariek Ordizian. Orain Bera Bera talde donostiarra hartuko dute etxean, larunbatean 11:00etan. Ea zer nolako maila ematen duten etxeko lehendabiziko norgehiagokan.
Kadeteak eta juniorrak kanpoan
Garaipen gosez daude kadete eta juniorren taldeak. Azken jardunaldian Bera Beraren aurka irabazi eta gero, Easoren aurka jokatuko du kadete nesken taldeak. Errendimenduko ligan dabiltza aurten eta, momentuz, hiru garaipen eta bi porrot eskuratu dituzte. Easo 00 taldea multzoko liderra da, baina oriotarrek badute haiei aurre egiteko behar den ahalmena.
Juniorrek, berriz, bi asteko atsedena eta gero Arrasatera egingo dute bidaia igandean. Lehen jardunaldian 10 puntuz galdu zuen Iker Gurrutxagaren taldeak. Talde nahiko txikia dute dauden kategoriarako eta horri aurre egin beharko diote denboraldi honetan. Dena dela pozik dago entrenatzaile oriotarra taldea egiten ari den lanarekin. Garaipenak lan horri errefortzu positiboa emateko balio dezakeela uste du Gurrutxagak.
Gipuzkoako selekzioek hurrengo astebukaeran txapelketa
Aurrekoan Karkarak eman zuen Gipuzkoako aurreselekzioetan oriotarrek zuten presentziaz. Bada, dagoeneko egin dira azken taldeak. Infantil mutiletan Jairo Torres oriotarra izango da lehian santu guztietako astebukaeran. Eskoriatzan urriaren 31n hasita izango da Orioko saskibaloi jokalaria Gipuzkoaren kamiseta defendatzen.
Beasainen izango da, bestalde, Iker Gurrutxaga entrenatzailea. Laguntzaile lanetan dabil kadete mutilekin eta lan txukuna egiteko itxaropena du oriotarrak.