KUKUARRI EGUNA

Erabiltzailearen aurpegia Talai Mendi elkartea 2013ko mai. 20a, 18:20

                                                         MAIATZAK 26 MAYO
Maiatzaren 20tik 26ra izango dira ekintza desberdinak
Idatzi honen bidez, azken Karkaran, mendi astearen berri eman zuen Talai Mendi M.A.-k. Guk berriz ere zer izango den gogorarazi nahi dizuegu eta idatzia ekarri dizuegu webgunera:
Duela urte batzuk, gogoratzen baduzue, mendi hilabetea antolatzen genuen Kukuarriren egunaren jiran. Tartean, besteak beste, hainbat mendizaleren ibilaldietako diaporamak eskaini izan ditugu.
Aurten, ekimen hori hainbeste urtean geldirik egon eta gero, berriz ere mendiaren inguruko hainbat ekintza antolatzea erabaki dugu Kukuarri egunaren astean. Ez da erraza gurea bezalako elkarte txiki batentzat halako ekimenak antolatzea. Herritarrak mila saltsatan sartuta daude eta ez dute izaten denetara iristeko denborarik.
Gauzak horrela, Kukuarri astea antolatzeko asmotan, ideia batzuk zebiltzan Mikal Etxeberriaren buruan  bueltaka, eta, hark taldetxo bat osatzeko ardura hartuta, astebeteko egitaraua osatzea lortu dugu.
Antolakuntzarako taldean, momentuz, dozena bat lagun elkartu garen arren, ateak zabalik ditu gurekin elkarlanean aritu nahi duen edonork.
Hasierako taldea osatzeko lanetan betikoa gertatu baitzaigu, genituen telefono eta kontaktuengana baino ez gara iritsi. Beraz, interesa duzuenoi baina iritsi ez garenoi, barkatu.
Egitarauari dagokionez, maiatzaren 20an izango da lehen hitzordua. Iluntzeko 19:00etan hasita, Kultur Etxean, Maite Maiora mendi lasterkariak emandako hitzaldia izango da. Maiora aurtengo Orioko Mendi Lasterketan emakume azkarrena izan da. Mendian halako probak egiteko egiten dituen prestaketa lanez eta mendiko lasterketetan izandako bizipenez arituko da hizketan Mendaroko korrikalaria.
Maiatzaren 21ean eta 23an Autobabesa mendian deituriko ikastaroa eskainiko dugu Euskal Herriko Mendi Federazioaren eskutik. Bi saio izango dira, bakoitza hiru ordukoa: 18:00etatik 21.00etara. Lehen saioan mendi-teknikari batek gidatuko du ikastaroa eta, bigarrenean, mediku batek. Mendian aurkitu ditzakegun arrisku egoeretan nola jokatu irakatsiko digute. Doako saioak izango dira eta, ditugun erreferentziei kasu eginaz, oso interesgarriak.
Maiatzaren 22an, Egoitz Zubizarreta eskalatzaile eta suhiltzailea izango da hizlari. Patagoniako Cerro-Torreko Ferrari bidean eta Poincenot orratzaren Williams maldan izandako gorabeherak kontatuko ditu Zubizarretak. Saio hau ere Kultur Etxean izango da, 19:00etan hasita.
Bukatzeko, asteburuan bi ekintza egingo ditugu. Maiatzaren 25ean, larunbatean, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, haurrentzat rokodromoa prest jarriko dugu Karela kiroldegian. Bertan, nahi duten guztiek izango dute eskalatzeko aukera.
Kukuarri egunean, maiatzaren 26an, tontorrera batera igotzeko proposamena ere badaukagu. Hala, goizeko 09:30ean, Herriko Plazan, elkartuko gara Kukuarrira igo nahi dugunok eta elkarrekin egingo dugu harainoko bidea. Polita litzateke igotzeko asmotan diren herritar guztiak batera joatea! Tontorrea, urtero bezala, meza 11:00etan, eta ondoren salda beroa eta pintxoak izango dira guztiontzat. Anima zaitezte mendi astean parte hartzera!
 www.karkara.com

Osorik irakurri

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide