Bakar batekin nahikoa ez, eta aurten bi konbibentzia antolatu ditu Txurrumuski elkarteak. Bigarren hitzordua ere LH 3. mailatik LH 6. mailara bitarteko haurrentzat eta gaztetxoentzat izango da, eta martxoaren 27tik 29ra gauzatuko dute Txurruka aterpetxean.
Beraz, lehenengo hitzordura joaterik izan ez dutenek edo hara joan baina esperientzia hobetzea edota errepikatzea nahi dutenek martxoaren 8a baino lehen eman beharko dute izena. 75 euro ordaindu beharko dute hiru eguneko egonaldia, eta izen-emate galdetegia dagoeneko irekita dago.
Dena den, hainbat ohar eman ditu Txurrumuskik hitzordu berrira begira. Batetik, elkarteak jakinarazi du ez duela asteburu horretan joan-etorririk onartuko. Bestetik, plazak mugatuak direnez, beharrezkoa baldin bada, plazak banatzeko zozketa egingo dute. Egitekotan, martxoaren 10ean gauzatuko dute zozketa, eta egun bertan bidaliko diete onartuei baieztapena. Halaber, herritarrei galdetegian jarritako azalpenak irakurtzeko deia egin die elkarteak.