%65a ez dugu lortu, nola egingo dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Orio Zero Zabor 2015ko ots. 27a, 10:25

 

“Udala ordezkatzen dugun hiru taldeon helburua oriotarrek 2015 urterako %65a birziklatzea izango da (…) helburua adostearekin batera, hau lortzen ez badugu hartu beharreko neurriak aztertu eta eztabaidatuko ditugu aurrerantzean”

 

Horixe argitaratu zuen Orioko Hondakinen Mahaiak 2013ko azaroan. Orio Zero Zabor ordurako mahaitik altzata zegoen. Hain zuzen ere, helburua adosteko zailtasunek altza arazi zuten (EAJ-k 2015 amaierarako %65a nahi zuen, Bilduk 2014 amaierarako %70a eta Orainek 2013 amaierarako %35). Helbururik ez jartzeak gauzek bere horretan jarraitzea suposatzen zuela argi geneukan eta ez geunden prest ezer ez aldatzearen zeharkako erantzule izateko. ”Gure izenean ez!” esan genuen orduan.

 

Hartutako erabakia ona izan zelakoan gaude. Hondakinen Mahaiak helburua zehazteko behar zuen presioa lortu genuelako. Lehenago aipatu dugun horixe da hiru alderdiek adostu zutena: %65 2015erako.

 

Organikoa bereizteko kuboen eta arraindegietarako tupperren banaketa, ondo birziklatzeko ikastaroak, elkarte gastronomikoekin lanketak, edukiontzien mapa berritzea, auzo konposta guneak… Asko izan dira Hondakinen Mahaitik bideratutako gauzak. Zer esan handia eman zuen, esaterako, udaletxeko balkoiko zenbakiak. Irakurtzekoak dira %42 jarri zutenean Karkaran argitaratutako “biba ta txaluak”. %39 jartzen du gaur eta “jendia ixilik, Oriyo atzetik”.

 

Atzetik, oso atzetik dabil gai honetan Orio. Atzetik, Gipuzkoako hainbat herritan dagoeneko lortuak dituzten emaitzetatik eta atzetik, eta hau larriagoa da, berak bere buruari jarritako helburuarekiko. Sartu ginen 2015ean eta 26 puntuko gorakada beharko luke gure birziklapen tasak helburura iristeko. Iritsi da, beraz, “hartu beharreko neurriak aztertu eta eztabaidatzeko garaia”.

 

Zentzu honetan, jakina da Orio Zero Zaborrek gipuzkoako Bilduk egindako urratsak babesten dituela. Erraustegirik gabeko hondakinen kudeaketaren alde egin dugu beti, murrizketan, berrerabilpenean eta birziklapenean oinarritutako kudeaketaren alde. Bide horretan uka ezina da Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrera pauso itzelak eman dituela. Horretarako ezinbesteko baldintza da Gipuzkoako herriek, herritarrek, etxeko lanak egitea. Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai gainean jarri duen kudeaketa eredua ez da posible %39ko birziklapen tasa duten herriekin. Zalantzarik ez daukagu, esperientziak hala erakutsita, gai honetan aurrera egingo badugu eta onartutako helburura iritsi, Orioko Bilduk izan beharko duela motor. Zein dira Orioko Bilduk %65eko birziklapen tasa lortzeko proposatzen dituen neurriak?

 

Bilduri egin diogu galdera zuzenean, baina gustatuko litzaiguke EAJ eta Orainen proposamenak ere ezagutzea.

 

EAJk lau haizetara zabaldu berri du erraustegi bat egiteko proiektuari berriz heltzeko asmoa duela. Sortuko lituzkeen osasun eta ingurugiro arazoez aparte, Markel Olanok badaki %65a birziklatzen duen gizarte batean erabat defizitarioa dela erraustegia. Markel Olanok behar ditu %39a bakarrik birziklatzen duten herriak, erraustegiak jateko nahiko “babarrun” izan dezan. Bost axola tximinitik doazen “puzkerrak” eta filtroetan geratu eta auskalo non ixuriko dituzten “kakak”. %65eko birziklapen tasa helburu duela esaten duenean, nori ari zaio gezurretan Orioko EAJ? Markel Olanori edo oriotarroi? Egiten dituzten proposamenek erakutsiko digute.

 

Orainen kasua desberdina da. Ez da inoiz mahai gainean dauden bi ereduren baten alde kokatu. Lehenengo erabaki hori hartu beharko du eta horren arabera pauso batzuk edo besteak eman. Baten edo bestearen alde ez egiteak gaudenean geratzea esan nahi du, %39 kaxkarrean.

 

Ez dago aitzakiarik. Zuek, hiru alderdiok, izan zineten helburuak eta epeak jarri zenituztenak. Zuen betebeharra da helburua betetzeko bitartekoak jartzea. Gu, gure aldetik, proposamenak ezagutu eta eztabaidan parte hartzeko irrikaz gaude, herritar guztiekin batera. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide