Zuzentasunaren harresi zatitxoak erortzen eta apurtzen nabaritzen ditut barnean, pixkanaka, idazle zehatz horren artikuluak irakurri ahala. Errudun sentitzen naiz harresia apurtuz doalako, nire iritzi irmoa alde batetik besterantz aldatzen doalako, baina ezin dut ezer egin eragozteko.
Kristauen kontua omen da errudun sentitzea. Eta nahi ezta ere, kristaua izango naiz, azkenean. Ez baita erraza behin erraietan sartutakoa handik erauztea. Errudun sentitzen naiz, nahi ezta ere bat natorrelako idazle horrekin, gai batzuetan zeharo babua den idazle horrekin.
Heriotzaz mintzo denean, eta nola nahiko lukeen izatea une hori; edo askatasunaz jarduten duenean, batez ere idazteko askatasunaz aritzen denean. Zeinen interesgarria den esaten duena, zeinen ados nagoen harekin. Azkena Pasaporte kulturala izeneko artikulua irakurri diot. Testuaren zati handi bat probokatzeko idatzita dago, baina funtsean, gizarteari kritika zorrotza da; gizarte honen azalekotasun eta ezjakintasun harro beldurgarriari kritika latza.
Kristauen kontua omen da errudun sentitzea; nahi ezta ere, kristaua izango naiz, azkenean
Baina ezin dut jasan gure herriaz mintzo denean; ni abertzalea naizen bezala, bera patriota baita. Zer esanik ez emakumeez aritu den batzuetan. Orduan babua ez, superbabua da, nahiz eta ziur nagoen ondo kalkulatutako probokazio nahia dagoela bere esanetan.
Ez nuke iritzi jakin bat eduki behar, irmoa, zurruna, idazle horretaz? Ez nuke %100 haren alde ala kontra egon behar? Ni naizena –alegia, emakumea eta euskalduna– mespretxatu izan duen gizon harro horri onartu behar diot baduela zer esan, eta are gehiago, mila buelta ematen dizkiola euskaldun feminista eta nahi dugun adjetibo on guztiak gehituko dizkiogun idazle eta iritzi emaile hainbati?
Adierazpen askatasuna eta pertsonen konplexutasuna aldarrikatzen ari naiz, ala besterik gabe, kriteriorik eta balio irmo sakonik edukitzeko gai ez den norbait naiz?
Pentsatzeko denbora dudanean, halakoetan pentsatzen katramilatzen naiz –gaur gaueko kontzerturako zer arropa jantzi beharko nukeen pentsatzen ere bai–.
Nahaspila horretan, azkenaldian bada buruan darabilzkidan izen bat eta esan bat: "Balioak praktikan jartzeko dira, bestela ez dute ezertarako balio", esan zidan Gabriel Loidi konpositore, piano jotzaile eta musika irakasle oriotarrak, aldizkari honen aurreko zenbakirako elkarrizketatu nuenean. Esaldi horri bueltaka nabil: nik zer pentsatzen eta aldarrikatzen dudan, zer esaten diedan gure seme-alabei, eta gero, aldarrikatzen eta pentsatzen dudan horrekin zer egiten dudan aztertzen. Askatasunean eta gris gama osoan sinesten badut, horiek aldarrikatzen baditut, ez ote niokeen miresmen puntu bat aitortu beharko, gorroto dosi txiki batekin batera, Arturo Perez-Reverte jaunari (ere).