Oyarzabaldar guztiei

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete 2026ko ekainaren 13a

Abizenak euskaraz jartzeko Azpeitian 2024an egin zuten kanpaina bateko irudia. (Zaparraie)

Honako iritzi artikulua idazi zuen Onintza Lete kazetariak maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkariko Korapiloa atalean. 

Eztabaida Espainiako Errege Kopako finalaren erdian hasi da. Aitonak Realeko kapitainaren elastikoan haren abizena erdal grafiaz idatzirik ikusi du, eta nahigabetu egin da. "Baina ez da futbolean bakarrik, eta ez da hori okerrena. Begira ETBn bertan ere, kazetariaren abizena Otegui idatzita...", esan du. Adinean gora doa, eta frustagarria egingo zaio 2026an oraindik horrela aritu beharra.

Orduan, ni, behingoz aitonarekin ados nagoelako pozarren, hasi naiz, harro, esanez EITBk ez bezala, Gukak eta Berria-k irizpide argia dutela euskal abizenak euskal grafiaz idazteko, eta ez zuketela onartuko, ezta kazetari bat berak ere, abizena gaizki idazterik. Gero, orain gutxi bulegoan jasotako kexa bat aipatu dut –kazetariak euskaratu egin zuen elkarrizketatu baten abizena–, eta azaldu nola erantzun genion gure irizpideaz. Eta speech-arekin jarraitu dut: "Are gehiago, herritar hari esan behar genion abizenak ez direla norberarenak, hizkuntzarenak baizik, kulturarenak".

Finaleko beldur, poz, euforia eta gainerakoak pasatu direnean, gaiari bueltaka jarraitu dut

Aitona ez, baina aitonaren semea hasi da orduan erantzuten, tinko, ezetz, abizenak familiarenak direla, ez hizkuntzarenak, eta hori errespetatu egin behar dela. Ezin dugula komunikabideok halakorik erabaki. Kontra egitearren egin du, seguru. Ahoa ireki dut, bero-bero, erantzuteko, baina golen bat iritsi da, eta hortxe amaitu da kontua, momentuz. Izan ere, finaleko beldur, poz, euforia eta gainerako guztiak pasatu direnean eta ohean sartu eta egunero bezala goizaldean esnatu naizenean, gaiari bueltaka jarraitu du nire buruak.

Bi egun geroago, aitonaren semea gaileta bat kafesnetan bustitzen ari denean, haren aurrean eseri naiz, eta zera esan diot: "Eta abizenen gaira itzulita, bi kontu esango dizkizut: bat, imajinatzen duzu euskal abizenekin gertatzen dena gertatzea abizen frantsesekin edo espainolekin". "Ez", erantzun dit. "Imajinatzen norbaitek Oreja abizena Horeja idaztea erabakitzea, eta familiak hala egiten duelako, hala onartzea?", jarraitu dut. "Ez", berriro ere. "Eta bi: nik Berria egunkaria irakurtzen badut, alegia euskaraz irakurtzen ari banaiz, eta familiaren erabakia errespetatu eta Aguirre jarri badute, imajinatzen duzu 'ui' ahoskatu behar izatea? Imajinatzen abizena desitxuratzea?". Arrazoia ematen jarraitu du. Eta gero mingaina ezin izan dut gelditu, eta barru-barrutik atera zaizkit: "Zer euskaldun klase gara gure arbasoek euskaraz jarritako toki izenak horrela prostituitzeko?" eta halakoak esan ditut.

"Hortaz?", esan diot, azkenean. "Abizena familiarena da", erantzun dit, berriz ere. "Legalki?", nik. "Ez", legeak ez omen du askorik esaten, eta Euskaltzaindiak ere ez. "Ba euskal grafiaren aldeko pedagogia egin beharko da, orduan", esan diot, jada nekatuta, baina arrazoia duenaren ziurtasun osoarekin. "Ba agian pedagogia egin beharko da, bai", aitortu dit.

Bide batez, Oyarzabalek ez dakit zer kristo esan nahiko duen; Oiartzabalek, Googleren AAren arabera, bailara zabala esan nahi du. Nahiko nuke euskarak ere bailara zabal-zabala balu; edo jendearen kontzientziak, gutxienez. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide