Nik sinesten d(iz)ut

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete 2025eko azaroaren 9a

Justizia irudikatzen duen estatua bat. (Pixabay)

Urriko Aia-Orio Guka aldizkariko Korapiloa atalean Onintza Lete kazetariak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Zer egingo diogu ba. Hamarkada bat baino gehiago Orion bizitzen eta aurten inoiz baino hunkituago arraunaz informatzen, eta hala ere, oraindik elastiko horia janzteari uko egiten diot; ez dakit ardi beltzarena egitearren, ala neure buruari ez diodalako benetako oriotartasunaren zilegitasunik aitortzen kolore sakratu hori soineratzeko. Kontuak kontu, aurtengo denboraldian bene-benetan poztu naiz Orioko gizon-emakumeek irabazitako estropada bakoitzeko, eta baita gizonek Kontxako Bandera eta Eusko Label liga irabazi dituztelako ere. Ulertzen dut zaleen poz mugagabe eta ikaragarri hori, eta jada hasia naiz oriotarrak defendatzen oriotarrak ez diren lankide eta lagunen aurrean.

Baina gauza batzuekin ezin dut oraindik. Inoiz ez zara bakarrik joango leloa serioegia iruditu izan zait beti kirol kontu batean erabiltzeko –kantu ezin ederrago hori maite dudan arren– eta aurten, oso deseroso sentiarazi nau Kontxako Banderako bigarren jardunaldiaren bezperan, sareetan herritar batek baino gehiagok jarritakoak: elastiko horiz jantzitako herritarrak ikusi ditut, argazkian Nik sinesten dut esaldia erantsita. Barruan zerbait mugitu dit. Eta sentitzen dudana da dena ez dela zilegi. Arrauna ez dela hil ala bizikoa, ez dela gerrara joatea bezala, ez dela bizitza honetako gauza garrantzitsuena. Eta ez, ezin dela konparatu bortxatua izan den emakume baten bakardadearen aurrean hari elkartasuna adierazteko erabiltzen den Nik sinesten dizut esaldia Kontxako Bandera irabazteko nahiarekin edo beharrarekin. Ezin da. Errespetatu behar genuke esaldi hori zeren leloa den, eta horretarako utzi.

Nik sinesten dizut, esaten dut nik ere. Nola ez ba? Baina, azkenaldian, buruari bueltaka nabil. Esaldiaren aldaera bat datorkit behin eta berriz: Nik sinesten d(iz)ut, aldarrikatu nahi dut. Mundu zabalean eta hemen bertan epaiketarik eta norbere burua defendatzeko aukerarik gabe zigortzen denean, izan bonbak jaurtita, izan norbait gizartetik alboratuta, nik zera esan nahi dut: nik sinesten dizudala, bai, baina era berean, nik sinesten dudala errugabetasun printzipioan. Kontraesana dirudite biek, baina ez dira. Tontakeria irudituko zaizue agian, baina ohar gaitezen zenbat mendetan zenbat injustizia pairatu duten milioika gizon-emakumek, eta zenbat borroka egin, zenbat odol eta zenbat izerdi bota behar izan zuten haiek orain hain kolokan ikusten dudan berebiziko eskubide hori lortu ahal izateko. Errugabeak gara kontrakoa frogatzen ez den bitartean, ala ez?

Gure sexuak, azalaren koloreak eta ideologiak egiten gaitu errudun ala errugabe? Ala frogek eta egiak erabaki beharko lukete hori?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide