Gora Frantzia

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete 2025ko abu. 10a, 09:11

Supermerkatuko orga txanponez betea. (Pixabay)

Honakoa da Onintza Lete Arrieta kazetariak uztaileko Aia-Orio Guka aldizkarian idatzitako Korapiloa ataleko iritzi artikulua.

Udari buruz idaztera nindoan. Barrualdekoa ez denak ez dakielako ondo nolako luxua den udan kostaldean bizitzea, ez dagoelako edonoren eskura egun arrunt batean bizikletara igo, eta, di-da, bainu freskagarri bat hartu ahal izatea. Idatzitako aurreneko lerroak borratu egin ditut, ordea. Zarautzguka.eus-en irakurritako albiste batek sutan jarri nau, eta lagun artean askotan esandakoa hona ekartzea erabaki dut. Albistea da Zarauzko industrialde batean zabaltzera doazela kanpoko supermerkatu kate handi baten saltoki bat, eta irekiko duten egunean protesta egingo duela han sindikatu batek. Eta, egia esango dizuet; adina izango da, baina jada ez daukat halakoetarako pazientziarik.

Ez dut zalantzan jarriko eragile horren asmo ona, baina zuei eraginkorra iruditzen al zaizue protesta irekiera egunean egitea? Zer lortzeko? Zein da helburua?... Asmoa sindikatuarentzat publizitatea lortzea bada, isilduko naiz; lortuko du. Helburua zerbait aldatzea bada, berriz, begi bistakoa dirudi protestak lehenago egin behar direla. 2024. urte hasieratik genekien herritarrok saltoki horiek zabalduko zituztela. Beraz, hausnar dezagun: zein da lehenago mugitu ez izanaren arrazoia? Ezintasuna? Ez sinestea gizartea mobilizatuta gauzak alda daitezkeela? Lehentasunak beste eremu batzuetan jartzea?

Banoa hondartzara, sindikatuekin eta frantsesekin pixka bat adiskidetuago

Puntu honetara iritsita, hainbat aitorpen egin behar dizkizuet: bat, gogorra naizela sindikatuekin, hain zuzen, sinesten dudalako, edo sinesten nuelako, langile borrokan. Bi, ez zaizkidala gustatzen ez Frantzia –euskaldun naizenez–, ez frantsesak –harropuzkeria jasangaitza dutelako –, gastronomia eta erotika kontuetan salbu. Eta horregatik izorratzen dit hirugarren aitorpenak: haiek, frantsesak, eredugarri iruditzen zaizkidala langileen eskubideak defendatzerakoan. Kaleak hartu behar direla langileen kontrako legeren bat eztabaidatzen ari direnean politikariak, hau da, beranduegi izan aurretik? Bada, hartzen dituzte. Eta protestak eta kaosa eguna joan eta eguna etorri mantendu behar direla helburuak lortzeko? Bada, mantentzen dituzte.

Ez dut esaten muturrera jo behar denik saltoki bat ireki behar dutelako herrian, baina uste dut ez dela halakorik egin argi eta garbi gaia horretarako bezain garrantzitsua bazenean ere. Nire pertzepzioa da azken urteetan borroka batean baino gehiagotan eraginkortasun gutxiko ekintzetan galduta dabiltzala sindikatuak, eta aztertu beharreko kontua iruditzen zait, sindikatu indartsuak dituen gizartean denek irabazten dutelako. Bizikleta hartu eta banoa hondartza, Orion bizitzearekin dudan zortean pentsatuz, eta, barrua hustuta, sindikatuekin eta frantsesekin pixka bat adiskidetuago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide