Zein da zurea?

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete

Pertsona bat uretan jolasean. (Pixabay)

Honakoa da Onintza Lete Arrieta kazetariak apirileko Aia-Orio Guka aldizkarian idatzitako Korapiloa ataleko iritzi artikulua.

Urte berrirako asmoez urtarrilean hitz egin behar dela zioen otsaileko Zumaia Guka aldizkarian Juan Luis lankideak. Berak hiru helburu jarri zizkion bere buruari, baina lanak izan omen zituen haietako batekin; hirugarren egunerako, kale. Aldizkari honetan, otsaileko zenbakian idatzi zuen gai berari buruzko artikulua Garbiñe Manterolak ere, baina gaiari buelta emanda. Urte berrirako asmoez eta erronkez, honakoa zioen: "Ez diot nire buruari urte berrirako ezin konpli nezakeen promesik egin. Amets handirik gabe hasi dut, baina erronkatxo batekin. (...) Gauza txiki gustagarriak pilatu nahi ditut, erreskadan". Iruditu zait Juan Luisen ideiari segika nik ere hanka toki berean sartuko nukeela seguru-seguru, eta Garbiñeren zerrendak, egia esan, inbidia eman dit; neurea sortzeko gogoa. Badakit laugarren hilabetean sartu berri garela, baina ez al dator ondo, urteko edozein momentutan, gauza txiki gustagarrien zerrenda egitea, eta egunerokoan horiez kontziente izaten ahalegintzea?

Hatzak teklatu gainean jarri eta zerrenda hauxe atera zait: kaletik aditzea Txori perikitoa oesteko kantua kantatzen bere balkoian; afaria prestatu bitartean gustuko CDa entzutea; dutxako ur tanta beroak gorputzean goitik behera sentitzea; lepoan musuak jasotzea; gauaren erdian semea koala bat bezala itsastea eta aurpegian irribarrea duela lokartzen ikustea; eguneko aurreneko ebakia; igeri egin bitartean mundutik isolatzea; maite ditudanez oroitu, negar zotinka hasi, eta denek negarrez eta elkar besarkatuz amaitzea; mantapean gustuko liburua irakurtzea; gustuko liburuaz gustuko jendearekin hitz egitea; espero gabeko opari bat jasotzea; amaren patata tortilla jatea; xaboiaren usainarekin, lipar batez haurtzarora eta amamaren etxera bidaiatzea; bideo tontoekin barre egitea; lagunekin bidaiatzea ondoko herrira edo munduko beste puntara; orgasmo bakartiak eta orgasmo partekatuak; dutxan We are the champions tarareatzea eta, gero, eskuak elkartuta, bizitzari eskerrak ematea; yoga, eta yoga egin ondoreneko giharretako mina; seme-alabek esandako astakerien aurrean, nola-hala, barreari eustea; begirada konplize guztiak; txistuka ari den bizilagunari esker eguna alaitzea; neguko eguzki izpiak; isiltasuna; ezer egin gabe egotea; ezer eta inor inporta gabe goizera arte dantzan gelditu gabe aritzea; garraio publikoan edo ospitaleetako itxaron geletan inguruko jendeari buruzko istorioak asmatzea; kirola eginez izerditu ondoren dutxatzea, eta dutxatu ondoren madalena gozo bat jatea; jaioberriei begira hipnotizatuta gelditzea; zuhaitzen usaina; unibertsoaren handiaz pentsatu eta oilo ipurdia jartzea; eta maite dudan jendearen maitasuna sentitzea.

Eta, zein da zurea?...

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide