Nerabetan, beti esaten nuen inoiz ez nuela umerik edukiko. Unibertsitatea amaitu, eta berdin. Gero, 25 urterekin B.ezagutu nuen, eta hamarkada bat geroago bikien ama naiz. Eta ez nituzke ezergatik aldatuko, ezta umeen truke prometitzen diguten askatasun horregatik ere. B.ren teoria da, emeok segurtasuna aurkitzen dugunean ama izateko gogoa sentitzen dugula.
Umerik nahi ez izateaz gain, urteak pasa nituen esanez haurrak izaten banituen, inoiz ez nituela aiton-amonak behartuko zainketa lanetara. Moldatuko nintzela neu bakarrik. Osorik irentsi beharreko hitzak, amak gurean igarotzen dituelako bizpahiru egun astero-astero. Badakit nagusiki gugatik egiten duela, etapixkatxo bat beregatik. Baina horrez guztiaz gain, eta B.ren teoriei jarraiki, akordatu naiz behin Burgosko Giza Eboluzioaren Museoan entzundakoaz. Antza, familiako haurrak zaintzeko eboluzioak berak sortu ditu amamak, eta horregatik joaten zaigu hilerokoa adin batetik aurrera gizaki emeoi. Senak ekarri gaitu honaino, eta espero dut senak aginduko didala gure ama zaintzea berak ni eta nire ondorengoak zaindu dituen bezala.