Ikastola Eguna ospatu zuten larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2023ko eka. 5a, 15:57

Goizean goiz ttuntturroen soinuak esnatu gintuen oriotarroi. Ikastolako ikasle eta guraso guztiak urduri esnatu ginen. Egun luzea genuen aurretik, zirraraz eta gogoz hasi genuen eguna.

Urtero legez, ekaineko lehen asteburuan, Ikastola Eguna ospatu genuen ikastolan. Goizean goiz guraso boluntario pila bildu ginen Ikastolako sukaldean eguerdiko bazkaria prestatzeko; bitartean, DBH-ko dozena bat ikaslek herriko kaleak zeharkatu zituzten ttuntturroekin.

11:00ak inguruan, kiroldegiko ateak ireki eta ikastola osatzen dugun familiek, gurasoek, irakasleek eta lagunek kantxa oso bete genuen. Izugarrizko giroa izan genuen eta HH eta LH-ko ikasleek Orioko Eurobisiyua saioa eskaini ziguten. Ikasleek Orioko auzo eta txoko ezberdinak ordezkatu zituzten, eta gure herriko musika talde ezberdinen kantuak dantzatu zituzten: Giranice, Gozategi, Iratz Urkizu edo Ithakaren kantuak izan ziren protagonista, besteak beste. Amaieran, DBH 4. mailako ikasleek bere tartetxoa ere izan zuten, eta ikastolako irakasle eta komunitateari eskerrak eman eta agurtzeko aprobetxatu zuten.

Jaialdiaren ondoren, 400 bat pertsona, ikasle, guraso eta irakasle, ikastolako pergolan bazkaltzeko juntatu ginen. DBHko ikasleek bere gain hartu zuten bazkaria zerbitzatzeko ardura, eta bazkalostean izugarrizko festa giroa izan genuen Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxausti trikitilarien eskutik.

Izugarrizko eguna izan zen! Eskerrik asko bertara inguratu zineten guztioi! Denon artean kriston familia osatzen dugu eta!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide