Jazarpena, fenomeno globala
Eskola jazarpena fenomeno globala da. Hala, mundu osoan, ikasleen (haur eta nerabe) %10ak jasan dute edo jasango dute bullyinga. Orain arteko ikerketen arabera, ikasleen %8 inguru izan dira edo izango dira eskola jazarpenaren egile, eta %7 haien laguntzaile. Ikusle edo lekukoei dagokienez, horiek ere ikasleak, gehiago dira erasotzailearen alde agertzen direnak (%20), biktimaren alde agertzen direnak baino (%17). Besteak (%34) ez dira eskola jazarpenaz ohartzen.
LHn oso emaitza onak, DBHn lanketa gehiagoren beharra
Orioko Herri Ikastolako KiVa programaren lanean hasi zenez geroztik, Orioko Ikastolako ikasleek galdetegi bat erantzuten dute urte amaieran. Galdetegia guztiz anonimoa da eta Finlandiako Turku unibertsitateak jasotzen eta aztertzen ditu jasotako erantzunak. Emaitzek erakusten dutenez, programa martxan jarri zenez geroztik, jazarriak sentitzen ziren ikasleen kopuruak ikaragarri egin du behera. 2016ean, ikasleen %19,15 zen jazartua eta 2019an, berriz, % 7,6; lau urtean, beraz, 12 puntuz jaitsi da jazartuen kopurua. Azpimarratzekoa da, halaber, hasieran beheranzko joera nabarmenagoa izan bazen ere (horrela izaten da KiVa martxan jartzen den ikastetxe guztietan), oraindik ere beheranzko joerarekin jarraitzen dugula.
Jazarpena taldean sortzen den fenomenoa dela kontuan izanda, KiVa programak tresna eraginkorra da, batetik, ikasleekin egiteko prebentzio-lanketa zehatza proposatzen duelako eta, bestetik, helduek egin beharreko eskuartzea zehatz gidatzen duelako Hala, KiVaren indarguneak hiru puntutan laburbildu daitezke:
- Prebentzioa: Taldearen babesean gertatzen den fenomenoa da eskola jazarpena. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin behar da. Taldeko kideek biktimarekiko enpatia lortzen dutenean, horrek eragina du erasotzailearen jokabidean ere. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.
LH1ean hasi eta DBH3 arte, tutoretzetan lantzeko hainbat jarduera eskaintzen ditu KiVak. Besteak beste, hauek dira lantzen diren atalak; elkar ezagutzea eta onartzea, norbera ezagutzea eta besteekin harremanak lantzea, jazartzeko moduak eta mekanismoak ezagutzea eta jazarpenaren ondorioak eta haren aurkako indarrak ezagutzea.
- Helduen babesa biktimari: Biktimak jakin behar du helduak (tutorea, irakasleak, KiVa taldeko kideak, gurasoak…) uneoro daudela bera entzun eta laguntzeko prest. Zuzenean jo dezake helduengana edo mezu bat idatzi kiva@oriokoikastola.eus helbidera.
- Eskuhartze zuzena: Jazarpen kasu baten aurrean, Orioko Herri Ikastolako KiVa taldeko kideek zuzenean lantzen dute egoera biktimarekin eta erasotzaileekin. Helburua ez da inor zigortzea, egoera aldatzea baizik. Eta horretarako, erasotzaileei beraien jokaera aldatzeko konpromisoak hartzeko eskatzen zaie. Konpromiso horiek betetzen dituztela ziurtatzeko jarraipen-bilerak egiten dira erasotu eta erasotzaileekin, hiru astez, gutxienez.
Kiva taldea Orioko Herri Ikastolan
Orioko Herri Ikastolako KiVa taldea hiru irakaslez osatuta dago. KiVa taldeak jazarpen kasuen jarraipena egiteaz gain, prebentzio-saioetan aholkularitza ere eskaintzen du. Horretarako, Ikastolen Elkarteko adituen eskutik formazio jarraia
Azpimarratzekoa da, halaber, jazarpen-kasuak guztiz eteteko Ikastolako komunitatea osoaren laguntza behar-beharrezkoa dela, baita gurasoena ere. Izan ere, eskola jazarpenaren aurkako lanean, prebentzioa eta detekzio azkarra funtsezkoak dira. Zentzu horretan, jazarpenarekiko kontzientzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta azkarrago eta hobeto detektatuko dira jazarpen kasuak. KiVak gurasoentzako gidaliburuan bullying-ari buruzko informazioa eskaintzen du, hau da, egungo ikerketen arabera zer dakigun eta etxean zein ikastetxean zer egin daitekeen.