'Matx' podcasta: goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen saio berria

Erabiltzailearen aurpegia Matx

Aratz Losada aurkezlea eta Mikel Linazisoro eskalatzailea.

Matxek, tokiko kirolaren sare sozialak, podcasta estreinatuko du bihar. Basque Team fundazioarekin elkarlanean, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakusteko asmoz jaio da.

Tokiko kirolean erreferente den Matx sare sozialak erronka berria hartu du esku artean. Goi mailan ibili arren ikusgarritasun behar duten duten euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen bideo-podcasta ekoizten ari da. Horretarako, Basque Team fundazioaren laguntza izango du eta kirol minoritarioetan gorenean dauden euskal kirolariak elkarrizketatuko ditu. Eta ez dira ohiko kirol elkarrizketak izango; kirolaz hitz egingo bada ere, protagonisten beste aldea ezagutzeko helburua izango du saioak. 

Sei kapitulu  

Bihar estreinatuko da eta lehen gonbidatua, Mikel Linazisoro eskalatzailea izango da: "Dagoeneko grabaketa batzuk egin ditugu eta oso gustura ari gara kirolariekin. Asko ireki zaizkigu eta euren alde intimoa, saltseroa eta gertukoa erakutsi nahi dugu", dio saioko aurkezle Aratz Losadak. "Serio jarriko gara, gai sakonak ere landuko ditugu, eta, noski, gure izaera ganberroa mantenduz, momentu batzuetan, jolasean edo estutasunen batean ere jarriko ditugu gonbidatuak" gaineratu du. 

Matx podcastaren lehen denboraldiak sei kapitulu izango ditu. Abuztuan eta abenduan izan ezik, gainontzeko hilabete guztietan saio berri bat ikusteko aukera izango dute sare sozialeko eta Basque Teameko jarraitzaileek. Entzuteaz gain, saioa ikusteko aukera ere egongo da. 

Kapitulu guztiak www.matx.eus sare sozialean ikusi ahal izango dira inon baino lehen. Era berean, Basque Teamen plataforma digitalek, Matxenek eta proiektuko kide diren Tokikom taldeko komunikabideek –tartean Guka– ere eskainiko dituzte saioak euren webguneetan, telebistetan eta irratietan. 

Hainbat helburu 

Helburuez galdetuta, erantzun bateratua eman nahi izan dute saioa ekoizten ari diren Matxeko eta Basque Teameko arduradunek: "Eragile txikiek egiten duten lana aitortu nahi dugu, eta kirol minoritarioei ikusgarritasuna ematea da gure nahia. Kirol masiboez haragoko erreferenteak sortzea, alegia. Azkenik, sareetan entretenimendua eskaintzen duten euskarazko kirol edukien beharra identifikatu genuenez, indarrak batzeko aukera paregabea zela ikusi genuen".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide