Soraluzeko palariak eta TAKE Tolosako saskibaloi jokalariak garaile, kirol kluben desafioko bigarren fasean

Erabiltzailearen aurpegia Matx 2025ko mai. 2a, 12:00

TAKE Tolosako bi kide.

Plaentxiarrek galdetegi azkarra irabazi dute eta abilezia jokoan, berriz, puntuaziorik altuena tolosarrek lortu dute. Datorren astean hasiko da desafioaren hirugarren fasea. 

Amaitu da kirol kluben arteko Matx desafioaren bigarren fasea. Bederatzi jardunaldi jokatu ostean, Soraluzeko palariak eta TAKE saskibaloi taldeko gizonak izan dira onenak. Plaentxiarrek galdetegi azkarra irabazi dute eta abilezia jokoan, berriz, puntuaziorik altuena tolosarrek lortu dute. Datorren astean hasiko da desafioaren hirugarren fasea. 

Gipuzkoako bederatzi talde animatu dira Matxen desafioen bigarren fasera. Otsailaren 18an hasi zen ligaxka, eta pasa den astera bitartean, Gipuzkoako klub ezberdinen arteko pike polita eskaini du Matx tokiko kirolaren sare sozialak planteaturiko erronka bereziak. Hala nola, saskibaloi klubak, futbolekoak, pilotakoak, eskubaloikoak eta areto futbolekoak elkarren artean lehiatu dira.  

Kirol mota gutxienekoa izanik, kirol kulturari, euskarari, geografiari edo euskal hiztegiari buruzko galdetegi azkar bat erantzun behar izan dute guztiek. Era berean, zailtasun maila antzekoa zeukan abilezia joko bat ere planteatu zaie. Azkenik, jokoetan parte hartu dutenek, umorez betetako galdera kateatuak luzatu dizkiote elkarri.  

Soraluze eta TAKE onenak 

Emaitza gutxienekoa bada ere, galdetegi azkarrak eta abilezia jokoak sailkapena izan dute. Bederatzi jardunaldiak amaituta, Soraluzeko palariak eta TAKE Tolosako saskibaloi jokalariak izan dira maila altuena erakutsi dutenak. Plaentxiarrena izan da galdera guztiak asmatu dituen talde bakarra. Abilezia jokoan berriz, TAKE Tolosako senior gizonen taldea izan da maila onena erakutsi duena, bost punturekin. Lehen fasean, Azkoiti-Azpeitiko ISB saskibaloi klubeko senior emakumeen taldeak irabazi zituen bi sailkapenak. 

Jolastuz, komunitatea sortu 

Sailkapenez harago, tokiko kirol klub ezberdinen arteko komunitatea josteko helburuz jarri zen martxan kirol kluben Matx desafioa, iaz. Dagoeneko hamazazpi taldek parte hartu dute jokoetan, eta beste bederatzi klub ikusiko ditugu, gutxienez, datorren astean hasiko den hirugarren fasean.

Desafio horietan lehiatu nahi duen klub edo taldeak aukera izango du joko dibertigarri horietan aritzeko. Horretarako sare sozialean izena eman eta mezu bat bidali beharko du matx@matx.eus helbide elektronikora erronkan sartu nahi duela adieraziz. Eduki guztiak matx.eus sare sozialean ikus daitezke, @matxerredakzioa profilean. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide