Neurrietatik harago

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Uranga 2026ko apirilaren 12a

Maialen Uranga moda aholkularia. (utzitakoa)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Maialen Uranga moda aholkulariak martxoko Aia-Orio Guka aldizkarian, Moda iritzi atalean.

Modaren inguruan hitz egiten dugunean, askotan joerak, koloreak edo diseinatzaileak aipatzen ditugu. Baina bada beste gai bat, askoz sakonagoa eta konplexuagoa: norentzat dago pentsatua moda, eta nor geratzen da kanpoan?

Azken urteetan moda inklusiboa gero eta gehiago entzuten den kontzeptua da. Gehienetan neurriarekin lotzen dugu zuzenean, baina inklusioa ez da zenbaki kontu bat bakarrik. Gorputz aniztasuna aitortzea da. Errealitate desberdinak kontuan hartzea da. Eta, batez ere, modak nor ordezkatzen duen galdetzea da.

Egia da azken urteetan pauso batzuk eman direla. Gaur egun aniztasun handiagoa ikusten da zenbait pasarelatan eta kanpainatan, eta aukera gehiago daude duela urte batzuk baino. Baina aurrerapauso horiek ez dute esan nahi erronka gaindituta dagoenik. Oraindik askotan neurri zabalagoak aurkitzeko kanpora jo behar izaten da, eta oraindik ere gorputz askok ez dute benetako ordezkaritzarik sentitzen.

Gainera, inklusioa ez da neurri handiez soilik hitz egitea. Mugikortasun urriko pertsonak daude. Gurpildun aulkian bizi direnak. Gorputz ezberdinak, behar ezberdinak, eguneroko errealitate ezberdinak dituzten pertsonak. Haientzat ere diseinatzen al da? Haien egunerokoan pentsatzen al da arropa sortzerakoan?

Inklusioa, beraz, ez da soilik industria kontu bat. Begirada kontu bat ere bada. Nola begiratzen ditugun gorputzak. Nola erreakzionatzen dugun normatibotik ateratzen den zerbait ikusten dugunean. Eta nola epaitzen dugun, askotan, gure burua.

Esperientziatik diot (pertsonaletik, zein urte hauetan bezeroekin bizi izan dudanetik) ispilu aurrean jartzen garenean logika bera errepikatzen dela. Dugun neurria dugula ere, lehenengo begiratuan ez dugu indargunea bilatzen. Zer estali pentsatzen dugu. Zer disimulatu. Eta hortik hasten da arroparekin dugun harremana.

Arropa, ordea, ez da zuzentzeko tresna bat izan behar. Ez da inor neurtzeko edo sailkatzeko mekanismo bat. Adierazteko, orekatzeko eta indartzeko aukera bat izan daiteke.

Moda inklusiboa ez da helmuga bat, baizik eta bidean dagoen erronka kolektibo bat. Aurrerapausoak egon dira, bai. Baina benetako aldaketa gertatuko da gorputz guztiek, benetan, modan lekua dutela sentitzen dutenean.

Eta hori ez da soilik neurri kontua. Begirada kontua da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide