Ikasturtea bukatzen ari da. Udako oporrak badatoz eta udaberria ondo agurtzeko ikasturte bukaerako festa egiten dute urtero herriko ikastetxeek (Euskal Herriko guztiek esatea gehiegi izango da, baina ez da urruti ibiliko). Prestaketa lanak ez dira makalak izaten, gurasoen, anaia-arreben, aiton-amonen, hango eta hemengo osaba-izeben... aurrean dena ondo atera dadin.
Guraso naizen aldetik, Ikastolako festan izan nintzen larunbatean. Han jasotakoaren laburpentxoa ekarri nahi izan dut hona ere, bideo moduan. Ederra izan zen; gozatu nuen hango ikusten; baina aldi berean, zera pentsatu nuen: gurasooi ezinbestekoa al zaigu irakasle, ikasle eta ikas-komunitateko gainerako kideek horrelako festa bat antolatzea, guretzako? Niri ez. Niretzako egin ordez, seme-alabek beren geletan bertan, urduritasunik gabe, horrenbeste entsegu gabe, ondo pasatzeko egin izan balute askoz hobe. Niretzako festa baten aldean, beren festa nahiago nuke. Bide batez, irakasleek orduak eta orduak prestaketa lanetan pasa ordez, gelako jai horretan gozatuko balute...