Maitasuna jartzen duenari, maitasuna eman

Erabiltzailearen aurpegia Lera elkartea 2024ko abe. 22a, 08:00

Iaz, herritar bat adarra jotzen Olentzero eta Mari Domingiren etorreran. (Guka)

Honako gutuna idatzi du Lera Euskal Mitologia Taldeak abenduko Aia-Orio Guka aldizkariko Gutunak atalerako.

"Ibilian den harriak ez du goroldiorik". Hala dio esaera zaharrak. Eta, zorionez, gure herrian goroldiorik gabeko harri asko dago. Musutruk, lanean, ibilian, daukaten preziatuena eskaintzen duten herritar bihotz handikoak.

Bihotz handi bi urtero bidelagun izan ditugu: Pello eta Iñaki. Haientzat egun konplikatuak badira ere, daukaten altxorrik preziatuena eskaini izan digute abenduaren 24 askotan: beraien animaliak. Eta ez eskaintza egin bakarrik, irribarrerik ederrena eta besarkadarik estuena oparitu ere bai. Eta elkarrekin egin dugu bidea. Neguko solstizioan elkarrekin sartu gara urte askotan. Gure pertsonaiei eskutik helduta gozatua hartu dugu. Eta elkarren anparoan eraiki dugun guztia izugarria izan da. Bihotz handi biren altxorrak (animaliak) ospakizunaren bihotz bihurtzeraino.

Aurten desberdina izango da. Eta triste gaude. Eta esker onez, beti esker onez. Maitasuna jartzen duenari maitasuna eman behar zaiolako. Lerro hauen bitartez, hori nahi dugu, Luxarbeni eta Olideni gure maitasun osoa eskaini.

"Ibilian den harriak ez du goroldiorik", eta goroldioa bagenu, ez legoke Olentzerorik. Beraz, ibilian jarraituko dugu neguko solstizioan. Aurten, altxorrik gabe, besarkada esturik gabe, desberdina izango da. Maite zaituztegu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide