Analisia

Lehen paladan aurreikuspenak betez

Erabiltzailearen aurpegia Leire Arrojeria 2024ko uzt. 2a, 16:00

Asteburuko estropadako irudi bat. (Aitor Arrizabalaga)

Arraun denboraldia amaitu bitartean, astero arraun analisia eskainiko diete Gukari Leire Arrojeria eta Iñaki Aristi arraunlariek. Honakoa Arrojeriak idatzitakoa da. 

Pasa den asteburuan hasi ziren traineruen lehen mailako bi ligak, Euskotren eta Eusko Label ligak, eta lehen bi jardunaldietan aurreikuspenak ezbairik gabe bete ziren: Donostia Arraun Lagunak eta Urdaibai nagusitu ziren bi estropadetan. Ekainean izandako txapelketa guztiak aise irabazi ondoren, aurtengo faborito titulua Lugañene ontziak du emakumezkoetan. A Coruñako banderan ere titulu hori berretsi zuten larunbatean, brankaz estropada hautsi eta bigarren sailkatuari, Oriori, 12 segundo aterata. Olatuak eta haizeak baldintzatutako eremu zorrotza da A Coruñakoa, eta lehen eguneko urduritasun, kezka eta espektatibek ere eragin zuten arraunlarien lanean. Hala ere, zorionez eta iaz ez bezala, Riazorreko hondartzatik aparteko arazorik gabe uretaratu ziren gure ontziak. 

Bigarren jardunaldia oso bestelakoa izan zen baldintzei erreparatuta, Bueun ur bareko eremuan. Indarrezko estropada gogorra izan zen eta ohorezko txandan Arraun Lagunak-ek eraman zuen trapua beste behin. Tolosak eta Oriok bigarren postuagatik lehia estu eta ikusgarria izan zuten, eta ia segundo berean zeharkatu zuten helmuga lehenengotik 8 eta 9 segundora, hurrenez hurren. Lehen asteburuan estatxak askatu ondoren, ohorezko txandan ibiliko diren lau oilarrak zeintzuk diren usaindu ahal izan genuen: Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea eta, agian, koska bat beherago, Donostiarra. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide